San Martin jaiak ospatuko dituzte datozen egunetan Orioko Ortzaika eta Aiako Urdaneta auzoetan, eta egitarauaren barruan, hainbat erromeria eskainiko dituzte. Hori dela eta, Aristerrazuko Erromeria Elkarteak festa horiek "errespetatu eta babestu" nahi ditu, eta ondorioz, ez da erromeriarik ospatuko Andatzan, datozen hiru igandetan.
Hala eta guztiz ere, herritarrek festa giroaz gozatu ahalko dute beste auzoetan. Esaterako, azaroaren 9an, igandearekin, Izer eta Alabierrek erromeria eskainiko dute Ortzaikan, eta Elizagoien ahizpak, aldiz, Urdanetan izango dira; azaroaren 16an, Izer eta Alabier igoko dira berriro oholtzara, Urdanetan; eta amaitzeko, azaroaren 23an, erromeria giroa Altzolara igaroko da, Laja eta Lutxurdioren eskutik.