Gipuzkoan Gazte Tourrek Aian egingo du geldialdia urriaren 10ean eta 11n

Onintza Lete Arrieta 2025ko ira. 23a, 09:23

Zilibito Records taldea. (Utzitakoa)

Lohi dantzari eta koreografoak eskola emango du urriaren 10ean. Hurrengo egunean, DJ Indate, Anixe, Zilibito Records, Mr. Luken eta DJ Tintzen musikaz gozatzeko aukera izango da. Doakoak dira bi hitzorduak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria departamentuak antolatzen du Gipuzkoan Gazte Tour, musikari eta arte eszenikoeni bultzada emateko, eta aurten, Aian egingo du geldialdia urriaren 10ean eta 11n.

Urriaren 10ean, ostiralarekin, dantza izango da protagonista, Lohi dantzari gipuzkoarrak eskola emango baitie saiora animatzen diren herritarrei. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, Royal Academy of Dance eta Carmen Rocheren Eskola bezalako zentroetan ikasia da, eta bere estiloak dantza garaikidea, urbanoa eta jazza uztartzen ditu. Nazioartean ibilbide handia egina du, eta Dua Lipa bezalako artistekin lan egina da. Saioa Lardizabal eskolako salto gelan izango da 18:00etan eta doakoa izango da, baina izena aurrez eman behar da esteka honetan.

Urriaren 11n, larunbatarekin, berriz, zuzeneko musikaren txanda izango da. Probalekuan izango da hitzordua 19:00etan, eta honako musikariak igoko dira oholtzara: DJ Indate, Anixe, Zilibito Records, Mr. Luken eta DJ Tintz. Kontzertu hauek ere doan izango dira.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide