Erleen dantza, aurrez aurre

Aiora Arriola eta Urtzi Oteiza 2025ko uzt. 4a, 07:39

Aiako Iturraran parketxean jarri berri duten kristalezko erlauntzari esker, erleek egiten duten lanaren prozesu osoa ikus daiteke. Irune Aldai ingurune hezitzaileak eman dizkio Gukari proiektu berriari buruzko azalpenak.

Erleek izugarrizko lana egiten dute ezkutuan, gure ekosistemaren funtsezko zeregina betez. Horiek gabe lurreko bizitza desagertu egingo litzateke. Horregatik, beraien prozeduraren garrantziaz jabetzeko, Aiako Iturraran parketxean kristalezko erlauntza bat jarri dute erakusgai orain dela bi aste ingurutik. Egitura horri esker, azken urteetan adituek teorikoki azaldu dutena bertatik bertara ikus daiteke, baita beraien burrunba entzun ere.

Iturraranen betidanik erakutsi izan dituzte erleak, aspalditik baitituzte bertan erlauntza didaktikoak. Orain dela gutxi arte, bisitetan erlauntzak ireki eta bertatik abaraskak ateratzen zituzten, erleek duten etxearen egitura erakutsi eta beren bizimodua azaltzeko. Eguraldi txarreko egunetan, ordea, ez zen oso erosoa erleentzat bertatik ateratzea.

Hori egitean naturaren aurka zebiltzala konturatu ziren; izan ere, erleek asko sufritzen dute dagoeneko gaitzen, klimaren eta liztor asiatikoen ondorioz, eta etengabe derrigortuta, sufrimendua areagotu egiten zitzaien. Horregatik sortu zen kristalezko erlauntzaren ideia, erleak une oro eroso sentitzeko. Beraz, Interneten bila hasi, eta Herbehereetan aurkitu zuten parketxerako aproposa zen egitura. Iturrarango arduradunek azaldu dutenez, erleak egitura berrian sartu zituztenean, mugimendurik ez zegoenez, erlezainak beraiek hasi ziren elikagaia jartzen, erle familia indartzen joan ahal izateko.

Egun, berriz, beraien prozesu naturalean ari dira nektarra eta polena ekartzen, ondoren ezti bilakatzeko. Gela mordoa itxi dituzte dagoeneko, eta bertan hasi dira jada larbak metamorfosia egiten.

Ekarpen aberatsa

Erlezainek egunero egiten dute jarraipena; Iturraranera iritsi bezain laster erle jaioberriak ikuskatzera joaten dira, kontatu dutenez.

Halaxe dio Irune Aldai ingurune hezitzaileak: "Jendeak urteetan azaldu duguna zuzenean ikusteko aukera izateaz gain, guretzat ere ezagutzak gehitzen joateko aukera benetan aberatsa da".

"Guretzat hau magikoa da, erle zaleak gara, amorratuak. Erleen garrantzia zabaltzen dihardugu urte guztian zehar, eta orain nola jarduten diren zuzenean ikustea, guretzako izugarrizkoa da ilusioa handia egiten digu", gaineratu du.

Erlauntza ikusi eta gaiaz sakondu ahal izateko aurrez egin behar da erreserba, iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzita edo 943-83 53 89 zenbakira deituta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide