Beroak ez ditu kikildu Andatzako auzotarrak

Intza Trula 2025ko eka. 29a, 14:45

San Pedro eguna ospatzen ari dira Aiako Andatza auzoan. Besteak beste, herri kirol erakustaldia eskaini dute plazan.

San Pedro eguna gogotik ari dira ospatzen Aiako Andatza auzoan. Beroari eta ajeari aurre eginez, besteak beste, herri kirol erakustaldia eskaini dute gaur eguerdian plazan.

Hain zuzen ere, Udane Ostolaza eta Ainitze Zumeta harri jasotzaileak izan dira gaurko protagonistetako bi. Beraiez gain, herriko gazteek herri kirol txapelketa jokatu dute; hala nola trontzan, ingudearekin eta lokotx biltzen ibili dira, urdinak berdeen aurka.

Ikusmin handia piztu du kirol ekitaldiak, eta plazako itzalpe guztiak ikuslez bete dira. Aurretik, gainera, Meza Nagusia eta hamaiketakoa ere egin dituzte. Arratsaldean jarraituko du festak, ondorengo egitarauarekin:

Gaur, San Pedro Eguna

  • 17:30. Emakumeen Gipuzkoako Txinga Eroate Txapelketako finala eta Gizonezkoen Gipuzkoako 2. mailako Aizkolari Txapelketako finala.
  • Jarraian, sagardo dastaketa Laja eta Lutxurdio trikitilariek girotuta.
  • 22:00. Erromeria, Laja eta Lutxurdio trikitilarien eskutik.
  • 00:00. Traka Zaratatsua jaiei amaiera emateko.

Bihar, astelehena

  • 10:30. Meza nagusia.

Uztailak 4, ostirala

  • 21:30. Mus txapelketa azkarra. (Izen-ematea 21:30etik 22:00etara).

Uztailak 12, larunbata

  • Oilasko bilketako afaria elkartean.

(Argazkiak: Urtzi Oteiza)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide