Lehertu da festa Andatza auzoan

Julene Sorarrain 2025ko eka. 27a, 15:30

Festa giroan murgilduta daude dagoeneko Andatza auzoan, izan ere, atzo arratsaldean lehertu zen sanpedroetako txupina, aurtengo jaiei hasiera emanez. Gaur ere izango da ospakizunik: umeentzako jolasak eta erromeria antolatu dituzte arratsalde pasa egiteko.

Orion ez ezik, San Pedro jaiak ospatuko dituzte aste honetan ere Andatzan, eta auzoko elkarteak egitarau oparoa prestatu du beste urte batez, ospakizun horren harira. Atzo arratsaldean lehertu zen jaietako txupina, eta auzoko gaztetxoak arduratu ziren festei merezitako hasiera emateaz. Iluntzean herri afaria egin zuten elkartean, giro ezinhobean. Gaur ere izango da ospakizunik: umeentzako jolasak eta erromeria antolatu dituzte arratsalde pasa egiteko.

Aurten, gainera, Emakumeen Gipuzkoako Txinga Eroate Txapelketako eta Gizonezkoen Gipuzkoako 2. mailako Aizkolari Txapelketako finalak jokatuko dituzte igandean, San Pedro egunean. Emakumezkoen norgehiagokan izango dira Goizeder Abendibar, Jone Uria eta Ane Urresti, 17:30ean hasita. Gizonezkoen txandan, berriz, Ander Altuna, Arkaitz Etxebeste, Julen Gabirondo, Aratz Mugerza, Jesus Maria Mujika eta Igoin Pekabea ariko dira 54 ontzako lau enbor eta 60 ontzako beste bi enbor mozten. Gizonezkoen txanda ere 17:30ean hasiko da.

Bestalde, jaietara bertaratzen direnek auzoko elkartean afaltzeko aukera izango dute, eta horretarako 608 08 47 48 zenbakira deitu beharko dute, erreserba egiteko.

Gaurko egitaraua

  • 16:30. Oilasko bilketa egitera irtengo dira auzoko gazteak baserriz baserri Zabale eta Erkizi trikitilariek girotuta.
  • 17:00. Ume jolasak.
  • Arratsaldean, merienda eskainiko zaie bertaratutako umeei.
  • 22:00. Erromeria, Ostolaza eta Larrañaga trikitilarien eskutik.

Argazkiak eta bideoa: utzitakoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide