Idiak dira asteburuko protagonista nagusiak

Aritz Mutiozabal 2025ko mai. 25a, 12:50

Bisitari dezente dabil Idi Egunean, eta gaur idi erakusketa zabala ikusteko aukera izan dute. Horrez gain, bestelako animaliak, nekazal erremintak eta artisau azoka ere izan dira.

Idi Eguna ospatzen ari dira bigarren urtez Aian, baina, egiari zor, asteburu osoko egitaraua prestatu dute idiaren bueltan. Atzo arratsaldetik hasita, ferratze erakustaldia egin zuten probalekuan, eta, jarraian, afaria eta erromeria izango dira. Gaur, berriz, azoka eguna izan da hizki larriz.

Beheko aparkalekuan herriko eta inguruetako idi pareen erakusketa zabala izan da, guztiak txukun-txukun jarrita, beren uztarria eta guzti, bi lerrotan. Jende dezente bertaratu da, izan ganadu zale edo besterik gabe kuriositatez, abereak gertutik ikustera.

Kirolgunean, berriz, beste animalia batzuk jarri dituzte erakusgai: behi adar luzeak, zaldi txiki zuri bat, antxumeak, oilo eta oilar exotikoak eta llama bat, besteren artean. Era berean, nekazal makineriak eta erremintak izan dute beren lekuan, eta herriko plazan, berriz, artisau azoka egin dute.

Egunari amaiera emateko, idi proba erakustaldia eskainiko dute Azkueko zelaian. 13:00etatik aurrera izango da, eta erakustaldia kantabriar erara egingo dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide