Bihar eta etzi egingo dute Aian Landare Berezien 21. Azoka

Onintza Lete Arrieta 2025ko api. 25a, 10:00

Herritar batzuk Aiako Landare Berezien Azokan.

Euskal Herriko, Frantziako eta Espainiako 57 mintegik parte hartuko dute Iturrarango parketxean ospatzen den azokan. Aurten ere hitzaldiak eskainiko dituzte azokaren barruan.

Bihar eta etzi egingo dute Landare Berezien 21. Azoka Iturrarango lorategi botanikoan. Ohi bezala, herritarrek mundu zabaleko landareak eta loreak miresteko eta erosteko aukera izango dute bertan.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Euskal Herriko, Frantziako eta Espainiako 57 mintegik parte hartuko dute aurtengo edizioan, eta bakoitzari buruzko informazioa eskuragarri jarri dute online, esteka honetan.

Azokako ateak zabalik egongo dira 10:00etatik 18:00etara, eta bost euro balioko du sarrerak –12 urtera arte doan–. Azokaren atarian egongo dira salgai. Prezioaren barruan sartzen da joan-etorriko autobusaren txartela, eta erositako landareentzako kontsigna zerbitzua eta erosleak kotxea utzi duen aparkalekuko kontsignarainoko garraioa.

Autobusak eta trenak

Aian, Pagoeta Parke Naturalean dago Iturraran, eta beti bezala, autobus bereziak jarriko dituzte herritarrak azoka gunera iristeko. Aiako herrigunetik eta Txurrukatik aterako dira autobusak "etengabe", eta autoak bi gune horietan jarriko dituzten aparkalekuetan utzi ahalko dira. Lehendabiziko autobusa 9:15etan aterako da, eta azkenekoa ,16:45etan. Azoka gunetik aparkalekuetara joango den azken autobusa, berriz, 18:15etan aterako da.

Bidaia trenez egiten dutenentzat, antolatzaileek azaldu dute Zarauzko Euskotren tren geltokitik (San Pelaioko geralekua) autobus zerbitzua egongo dela zuzenean azoka gunera. Autobus geltokia suhiltzaileen biribilgunean kokatuko da –San Pelaioko geralekuaren ondoan dago–. Lehendabizikoa 09:23etan aterako da Zarauztik azoka gunera, eta 14:23ak bitartean orduerdiero izango da; handik aurrera, orduro egongo da, azkena 16:23etan.

Alderantzizko noranzkoan, berriz, azoka gunetik Zarautzerako itzulerako lehendabiziko autobusa 10:45etan izango da. 13:45ak bitartean orduerdiero izango da, eta gero orduero; azkena, 17:45etan.

Hitzaldi eta tailer bana ere bai

Azokak irauten duen egunetan askotariko hitzaldi eta tailerrak eskaini ohi dituzte antolatzaileek, eta aurten ere prest dute solasaldia eta tailerra biharko eta etzirako. Horietan parte hartzeko aurrez erreserbatu behar da tokia 943-83 53 89 telefono zenbakira deituta edo iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzita.

  • Bihar, larunbata: Fotografiando la naturaleza, como optimizar nuestras fotografías de flores y jardines. Emilia Valenciaren eskutik. Gaztelaniaz. 12:00etan, Iturraran Lorategi Botanikoan. Zazpi euro ordaindu beharko da sarrera, eta  gehienez 15 laguneko taldearentzat izango da.

  • Etzi, igandea: Lore moztuarekin xestoak tailerra, Meriflauers eta Nia Florarten eskutik, familientzat. Hizkuntza, parte hartzaileen arabera. 16:00etan, Aiako Kultur Etxean. Familiako 15 euro. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide