"Tradizioa eta modernitatea" uztartzen ditu aurtengo Probalekuko egitarauak

Julene Sorarrain 2025ko urt. 26a, 11:00

Aiako I. Trikiti Jaialdia. (Julene Sorarrain)

Aiako Udalak eta Turismo sailak 2025eko Probalekuko kultur egitaraua aurkeztu berri dute. Aurtengo eskaintza "aberatsa eta orekatua" dela jakinarazi dute.  

Aiako Udalak eta Turismo sailak aurtengo Probalekuko kultur egitaraua aurkeztu dute. Izan ere, sei urte daramatzate "kulturaren alde lan egiten eta euskal kulturari bere lekua ematen". Jakinarazi duten moduan, azken bost urteetan 7.600 ikusletik gora igaro dira Probalekutik, eta guztira 35 emanaldi eskaini dituzte. Denboraldi berriko eskaintza "aberatsa eta orekatua" dela gehitu dute: "Tradizioa eta modernitatea uztartuz, ikusleei esperientzia artistiko paregabea eskainiko zaie". 

Hori horrela, sei emanaldik osatzen dute aurtengo egitaraua. Otsailaren 22an, Idoia Asurmendi igoko da oholtza gainera bere azken lana, De amar y desandar aurkeztera. Apirilaren 22an, Errotan lana aurkeztuko du Oinkari Dantza Taldeak. "Euskal kulturan hain presente dauzkagun dantza tradizionalak izango dira ikusgai zuzeneko musikarien laguntzat", azaldu dute antolatzaileek. Maiatzaren 10ean, Süneren txanda izango da. Amaineman bakarkarko lehen diskoa aurkeztuko du hark.

Udako oporraldiaren ostean, urriaren 4ean, estrainatu berri den Arizona antzezlana ikusteko aukera izango da, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaolarekin. Azaroaren 29an, Gari iritsiko da Probalekura. 30 urte betetzen dira bere bakarkako ibilbideari ekin zionetik eta elkarrekin ospatu, abestiak berreskuratu eta inoiz bezela gozatzeko aukera paregabea izango da Probalekukoa", eman dute aditzera. Eta iazko edizioak izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere Trikiti Jaialdia ospatuko dute, urteari amaiera biribila emateko. Abenduaren 20an izango da hori. 

Egitaraua

  • Otsailak 22, larunbata: Idoia Asurmendi De amar y desandar lanarekin izango da Probalekuan.
  • Apirilak 12, larunbata: Errotan lana aurkeztuko du Oinkari Dantza Taldeak. 
  • Maiatzak 10, larunbata: Süne igoko da oholtzara Amaineman bere bakarkako lehen diskoa aurkeztera.
  • Urriak 4, larunbata: Arizona antzezlanar, Aitziber Garmendiaren eta Jon Plazaolaren eskutik. 
  • Azaroak 29, larunbata: Gariren kontzertua. 
  • Abenduak 20, larunbata: II.Trikiti Jaialdia.

Proiektuaren garrantzia

Jon Ander Azpiroz alkateak horrelako proiektu bat aurrera ateratzeko, herritarren inplikazioa "ezinbestekoa" dela gaineratu du. "Aia herri txikia da eta horrelako proiektuak aurrera eramateko borondatean dago gakoa, gurea bezelako herrietan komunitatearen balioa oso garrantzitsua da oraindik, herrigintzarako balioa presente dago". 

Udalak herritar zein bisitari guztiak gonbidatu ditu denboraldi berri honen parte izatera. Sarrerak aiaturismoa.eus web orrian eta kultur etxean egongo dira salgai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide