Aiako Udalak eta EHUk 'Gabino Alustiza' beka eskaintzeko hitzarmena sinatu dute

Julene Sorarrain 2024ko urr. 15a, 09:00

Gabino Alustiza plaza Aian. (Guka)

Bekaren bidez, unibertsitateak aholkularitza zientifikoa emango du Aiaren historiari, ondareari eta kulturari buruzko ikerketa bat garatzeko.

EHUk eta Aiako Udalak sinatu duten hitzarmenaren helburua da elkarlana bultzatzea unibertsitate horretako Euskal Herria eta Amerika: Loturak eta Harreman Atlantikoak ikertaldearen eta Gipuzkoako udal horren artean, aholkularitza eskaintzeko Aiako historia, ondare eta kulturari buruzko ikerketa beka baten aldian behingo deialdian.

Ekitaldian izan dira Manoli Igartua Olaetxea EHUko Arabako Campuseko errektoreordea, Jon Ander Azpiroz Otegi Aiako alkatea, Ana de Zaballa Beaskoetxea ikertzaile nagusia, eta Carmen Gil Fombellida, Alberto Angulo Morales eta Óscar Álvarez Gila, ikertaldeko kideak.

Errektoreordearen hitzetan, "Unibertsitateak oso positibotzat jotzen du hitzarmen hau sinatzea Arabako Campuseko Euskal Herria eta Amerika: Loturak eta Harreman Atlantikoak ikertaldearen eta Aiako Udalaren artean. Unibertsitatearen eta gizartearen arteko lankidetza adibide argi bat da, eta historiaren, ondarearen eta kulturaren arloan egiten ditugun ikerketak bultzatzeaz gain, indartu egingo du ezagutza komunitateari transferitzeko gure konpromisoa, bat etorriz gure leloarekin: Eman ta zabal zazu".

Hitzarmenean jaso den bezala, Aiako Udalak beka baten deialdia egingo du aldian-aldian, herri horren historiari buruzko ikerketa proiektu bat garatzeko. Aldi berean, EHUk epaimahai bat izendatuko du, aurkeztutako proiektuen kalitate zientifikoa ebaluatzeko eta, ondoren, gehien merezi dutenak eta proiektua gauzatzeko berme handiena eskaintzen dutenak hautatzeko.

Epaimahaiak, gainera, hautatutako proiektuaren jarraipena egingo du, aldizkako txostenak berrikusiz eta lanaren azken ebaluazioa eginez. Harena izango da ere onespena ematearen eta proposamenean jasotako oinarriak eta helburuak bete direla egiaztatzearen erantzukizuna.

"Edozein herrirentzat ezinbestekoa da bere historia ezagutzea eta ezagutaraztea, gizarte baten oraina ulertzea eta etorkizuna eraikitzen hastea, nondik abiatzen garen jakitea funtsezko oinarria baita –esan du Jon Ander Azpiroz Otegi alkateak–. Horregatik, historia, geografia, ondarea, natura, artea eta Aiako bizitza kultural, sozial, ekonomiko edo politikoari egindako ekarpenak berreskuratu eta ezagutarazi nahi ditugu".

Alustiza, Aiako alkate

Gabino Alustiza 1931tik 1936ra arte izan zen alkate Aian, fusilatu zuten arte. 2011z geroztik, Aiako udaletxeko batzar aretoan plaka bat dago haren omenez.

Aurtengo ekainean, udalak beste urrats bat eman nahi izan zuen, eta EAJko alkate zenaren omenez, plaza eta eskultura inauguratu zituzten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide