"Idiei dagokien lekua"

Andrea Zipitria 2024ko maiatzaren 17a

Iosu Lizaso eta Jon Ander Azpiroz, Lizasoren idi parearekin. (Andrea Zipitria)

Aian Idi Festa egingo dute aurrenekoz bihar. Egitasmoa nondik datorren azaldu eta animalia horrek herriarekin duen loturaz hitz egin dute Jon Ander Azpiroz alkateak eta Iosu Lizaso idizaleak.

"Idia herriko tradizioaren parte" izan dela dio Jon Ander Azpiroz Aiako alkateak. "Herri kirolen katedrala bezala ezagutu izan da gure herria, urte askotan zehar idi proba asko eduki ditugu; orain bi txapelketa izaten dira urtean, eta gaur egun gauza askotarako erabiltzen bada ere, probalekua idi probetarako bakarrik erabiltzen zen sorreran". Hortik abiatuta jaio da Idi Festa. Bihar ospatuko dute lehen aldiz.

Ideia orain arteko Asentzio feriatik dator; 1960-1970eko hamarkadetan ospatu izan zen Aian. Gero, galdu ere egin zen, eta duela 40 urte inguru berreskuratu zuten berriz. Dena dela, azken urteetan "norabidea galduta" zuen festak, eta antolatzaileek erabaki zuten iaz ez egitea "eta azokaren inguruan hausnartzea". Hala, azken urtebetean lehen sektorearekin eta herriko eragileekin bildu da udala, eta gaia aztertu ondoren, argi ikusi zuten "idiak izan behar zuela protagonista".

Festak helburu bikoitza du; batetik, "idiak inguruotan duen garrantziari balioa ematea". Bestetik, antolatzaileen arabera, "kutsu negatiboa" eman zaio idiaren munduari, "gaizki tratatu den animalia izan dela" zabaldu da, eta "hori ez da horrela". Horregatik, "animaliak atzetik duen guztia ezagutarazteaz gain, festa duin bat" egingo dutela azaldu du Azpirozek.

Iosu Lizaso izango da Idi Festan parte hartuko duen kideetako bat. Duela bi urtetik ditu bi idi pare baserrian, animaliak gustuko dituelako. Gogoan du Bizkaitik ekarri zituela, eta bi idi edukitzeak lana ematen al duen galdetuta, argi du: "Idiak asko zaindu beharreko animaliak dira, bai jan aldetik, bai garbitasun aldetik; mimatuak dira".

Festa "garrantzitsua" izango da, Lizasoren hitzetan. "Idi mundua ustez itsusitasunez ikusten baita, eta irudi hori garbitzeko aukera ederra izango da. Dagokien lekua emango zaie idiei".

60 idi baino gehiago

Biharkoan 60 idi baino gehiago elkartuko dituzte herrian: "Euskal Herrian ez dut uste horrelako ezer egitera heldu direnik". Gipuzkoarrak izango dira gehientsuenak, baina Bizkaitik eta Arabatik ere ekarriko dituzte.

Bazkaria ere izango da frontoian, eta sarrerak eskuragarri daude Iturriozena tabernan edota 943-13 11 44 telefono zenbakira deituta. Honakoa da menua: idi txistorra; idi zezina; idi kroketa; idi sahieskia: idi txuleta, entsaladarekin eta patata frijituekin; arroz esnea eta txokolate kroketa.

Egitaraua

  • Goizean zehar. Idi erakustaldia eta idi parea gurdiarekin herrian barrena, gaztetxoentzat.

  • 11:00. Artisau azoka, plazan.

  • 13:00. Idi proba erakustaldia, kantabriar erara.

  • 14:30. Bazkaria.

  • 17:30. Idi munduari buruzko solasaldia eta proiekzioa, Mario Nogueira eta Iñaki Olidenekin.

  • 19:30. Idi pintxo dastaketa.

  • Jarraian. Erromeria, Izer eta Alabier trikitilariekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide