Sardina janarekin hasi dute zuten atzo eguna, eta arratsaldean haurrentzako puzgarriak eta jolasak izan ziren eskola aurrean.
Bien bitartean, Izar Haitz garagardoa dastatzeko aukera izan zuten puzgarrietan ez zebiltzanek plazan, eta 19:30ean bertan elkartu ziren haur, gazte nahiz helduak. Nahi izan zutenek buruhandien aurretik egin zuten korri, eta trikitilarien kalejirari jarraika ibili ziren besteak. Plazan geratu zirenentzat ere ez zen aspertzeko tarterik izan, Broken Brothers Brass Band taldearen doinuek girotu baitzuten iluntzea.
Gauean Korrontziren eta Oinkari dantza taldearen ikuskizuna izan zen probalekuan, eta ondoren, Lukiek eta Rodeo taldeak eta Maixa eta Malakias DJek girotu zuten gaua plazan.
Gaur amaituko dira festak, eta jaiak ondo borobiltzeko, herri kirol jaialdi aparta eta erromeria izango dira, besteak beste.
Ikusi hemen egitaraua, osorik.
Ostiralean hasi ziren Aiako San Donato eta San Lorentzo festak eta, ordutik, egunero egitarau bete-betea izan da. Haurrentzako denetariko ekintzak, jan-edanerako hitzorduak, zuzeneko musika... denetarik izan da Aian, eta sekulako jendetza inguratu da herrira egunotan.
Gaur ipiniko diete ginga festei San Lorentzo egunez eta, horretarako, herri kirol jaialdia antolatu dute. Horixe da eguneko hitzordu nagusia, ez baita nolanahiko jaialdia izango. 17:30ean hasita, Gipuzkoako Ingude Altxatze Txapelketa (tartean izango da Gorka Etxeberria oriotarra), Gipuzkoako Kintopekoen Harri-Jasotze Txapelketa eta Gipuzkoako Txinga Txapelketa (Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a-k parte hartuko du) jokatuko dituzte eta, horrez gain, Iker Vicente eta Mikel Larrañaga aizkolariek ere erakustaldia eskainiko dute.
Jarraian kalejira eta erromeria izango dira.