Lur Errekondo nagusi Aian jokatu den Emakumezkoen Lau Arroa Harrijasotze Txapelketako finalean

Onintza Lete Arrieta 2022ko uztailaren 4a

Atzo jokatu zen finala Aiako San Pedro auzoan, eta lau partaideen artean Lur Errekondok lortu zuen garaipena, denera 86 altxaldi osatuta. Lierni Osa zarauztarra sailkatu zen bigarren, 79 altxaldirekin, eta zilindroarekin bera izan zen nagusi. Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez oriotarrak gelditu ziren hirugarren eta laugarren postuetan, hurrenez hurren.

Giro polita sortu zen atzo, igandea, Aiako San Pedro auzoan, Emakumezkoen Lau Arroa Harrijasotze Txapelketaren finalaren harira. Lau harri jasotzaile aritu ziren nor baino nor zilindroarekin, bolarekin eta kubikoarekin lehian, horietako hiru eskualdekoak, baina garaipena laugarrenak lortu zuen, Lur Errekondo usurbildarrak hain justu, denera 86 altxaldi osatuta. Kubikoarekin eta bolarekin nagusi izan zen. Zilindroan, berriz, Lierni Osa zarauztarrak hartu zion aurre. Bigarren gelditu zen sailkapenean, guztira 79 altxaldi osatuta.

Bi horiekin lehian aritu ziren Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez oriotarrak, eta lan ederra egin zuten laurek ere: Errekondoren atzetik sailkatu zen Osa; Ostolazak 70 altxaldi osatu zituen guztira, eta altxaldi bat gutxiagorekin, laugarren izan zen Sanchez.

Zilindroarekin ibili ziren gertuen lau lehiakideak: Ostolazak 30 aldiz altxatu zuen, Sanchezek 31 aldiz, Errekondok 32 aldiz eta Osak, berriz, 33 aldiz. Kubikoarekin ere antzeratsu: Ostolazak eta Sanchezek 17na altxaldi, Osak 16 eta Errekondok, berriz, 19 eman zizkioten.

Alde nabarmenena bolarekin egon zen: Sanchezek 21 bider jaso zuen, Ostolazak 23 bider, Osak 30 bider, eta Errekondok, berriz, 35 bider.

Argazkiak: Ibon Errazu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide