Aiako Udalak lankidetza hitzarmena sinatu du Gipuzkoako Herri Kirol Federazioarekin

Iñigo Gaiton 2022ko apirilaren 5a

Datozen bost urteetan herrian hainbat herri kirol proba eta txapelketa antolatzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek, eta dagoeneko bat iragarri du Aiako Udalak: ekainaren 5ean jokatuko duten Emakumezko Lau arroako Harri-jasotze Txapelketa. Zabalik da izen-ematea.

Duela egun batzuk Aian elkartu ziren Arkaitz Iruretagoiena Aiako Udaleko zinegotzia eta Ainhoa Etxabe Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko presidentea, bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatzeko. Bost urterako ituna adostu dute bi aldeek, eta horrela, herrian hainbat herrik kirol proba eta txapelketa egiteko konpromisoa hartu.

Aiako Udalak dagoeneko iragarri du horietako aurrena: ekainaren 5ean jokatuko duten Emakumezko Lau arroako Harri-jasotze Txapelketa. Dagoeneko ireki dute txapelketan izena emateko epea, eta apirilaren 22a izango da horretarako azken eguna. Interesdunek Gipuzkoako Herri Kirol Federaziora jo behar dute inskripzioa egitera, 688 692 879 telefono zenbakira deituta edo herrikirolak@kirolak.net helbidera idatzita.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide