Aiako kultur agenda ez da probalekuan gauzatzen dituzten jardueretara mugatzen. Aurten, lehendabiziko aldiz, herriko haur, gazte, nerabe eta familiei zuzendutako egitaraua prestatu dute, eta hain zuzen ere, atzo goizean eman zuten uda bitarte antolatu dituzten jardueren berri, Kultur Etxean egin zuten agerraldian.
Miriam Sarasola Aiako Udaleko Gazteria zinegotzia eta Eneko Sanz Gazteria teknikaria izan ziren hitza hartzen aurrenak eta kultur eskaintza zabaltzearen zergatiak azaldu zituztenak. "Herrian haur asko dago eta haientzat eskaintza gutxi. Hori dela eta, iaz proba egitea pentsatu genuen eta ludoteka zerbitzua martxan jartzea", hasi da Sarasola. Eta erantzunarekin "harrituta" gelditu zirela esan zuen, umeak sartu ezinik ere gelditu izan zirelako. Ipuin kontaketa saioren bat eta hitzaldiren bat ere antolatu zutela gaineratu zuen Sanzek, eta erantzun "oso ona" izan zutela. Horregatik, aurten erabaki dute haurrei, nerabeei, gazteei eta ez horren gazteei zuzendutako kultur egitaraua prestatzea.
Sarasolaz eta Sanzez gain, Naiara Iruretagoiena ludotekako begiraleak, Unai Ormaetxea Frontona ikuskizuneko aktoreak eta Olaya Landa Zarauzko Gela urdina ihes gelaren arduradunak ere parte hartu zuten aurkezpenean. Ormaetxea eta haren taldekideak apirilaren 2an izango dira Aian Frontona ikuskizuna aurkezten. "Umoretik eraikitako ikuskizuna da Frontona, eta dantza, bertsoa eta beste hainbat diziplina uztartzen ditu. Ez da ohiko antzezlan bat, zerbait berritzailea da, baina aldi berean tradizionala. Gure herriaz eta gure kulturaz zenbat dakigun eta zenbat ez dakigun ohartzeko balioko digu, eta, gainera, publikoa ere aktore bihurtuko da", azaldu zuen.
Landak, berriz, Narrosko jauregiaren kondaira oinarri duen Zarauzko ihes gelari buruzko azalpenak eman zituen, Aiako gazteek ekainean hara irteera egiteko aukera izango baitute. "Jolasaren bidez gure kultura hobeto ezagutzeko bide ezin hobea da Gela urdina".
Egitaraua osorik
- Martxoak 26, larunbata. Ostomila txotxongilo elkarteak Alaia galtzagorria aurkeztuko du.
- Apirilak 2, larunbata. Arteola konpainiak Frontona ikuskizuna emango du udal pilotalekuan. Aktoreez gain, Andoni Egaña bertsolariak ere parte hartuko du.
- Apirilak 9, larunbata. Alex Txikon mendizaleak hitzaldia emango du Kultur Etxean. Goi mendietara egindako espedizioez eta bestelako proiektuez hitz egingo du.
- Maiatzak 28, larunbata. Amelie bikote nafarrak bi ipuin kontaketa saio eskainiko ditu: bata, umeentzat; bestea, helduentzat.
- Ekainak 10, ostirala. Porrotx eta Marimototsek emanaldia eskainiko dute probalekuan.
- Ekainean, baina eguna oraindik zehazteke. Zarauzko Gela urdina ihes gelara irteera egingo dute.
Ludoteka zerbitzua
- Astelehen eta asteazkenetan, Kultur Etxean, HHko haurrentzat (943-13 09 24).
- Ostiraletan, Xatur gaztelekuan, LHkoentzat (689 90 38 72).