Aiako XV. Argazki Lehiaketako lanak, ikusgai

Aitziber Arzallus 2021eko urriaren 13a

Hilaren 24ra arte argazkiak ikusgai egongo dira, Kultur Etxean. Herritarrek aukeratu beharko dituzte gehien gustatzen zaizkien hamabi irudiak, eta horiek erabiliko dituzte hurrengo urteko egutegirako. Sei lan onenen egileak saritu egingo dituzte, gainera.

Aiako XV. Argazki Lehiaketako irudiak ikusgai dira herriko Kultur Etxean. Gaur zabaldu dute erakusketa, eta hilaren 24ra arteko egongo da ikusteko aukera, aretoa zabalik den ordutegian: astelehenetan, 09:00etatik 12:30era eta 15:30etik 19:00etara; astearte eta ostegunetan, 15:30etik 18:00etara; asteazkenetan, 09:00etatik 12:30era eta 15:30etik 19:00etara; eta igandeetan, 11:30etik 13:30era.

Aia gai hartuta aurkeztu dituzten 30 argazkik osatzen dute erakusketa. Lehendabiziko galbahea aditu talde batek pasatu duela azaldu du Eli Lasa Kultur Etxeko arduradunak. "Haiek baztertu dituzte kalitate aldetik gutxienekora iristen ez zirenak, eta 30 lanek egin dute aurrera". Orain, herritarrek dute hitza. Erakusketa aretoan bertan orri bat dute eskura, gustukoen dituzten hamabi argazkiak zeintzuk diren adierazteko.

Botorik gehien lortzen dituzten hamabi lanak datorren urteko egutegia egiteko erabiliko ditu Aiako Udalak, eta sei onenen egileek, aparteko sari bana ere jasoko dute. Sei sari horietako hiru Aian erroldatutako herritarrentzat izango dira; eta beste hirurak, gainontzekoentzat. Bi multzoetan, 200 euroko saria jasoko du lehenak; 170 euroko, bigarrenak; eta 120 eurokoa, hirugarrenak. Horrez gain, otar bat zozketatuko dute sarituak izan ez direnen artean.

Kultur Etxeko hormetan zintzilik dauden 30 argazkiak originalak dira, alegia, aurrez beste inon argitaratu gabeak, eta 2020 edo 2021ean ateratakoak. Parte hartzaile bakoitzak gehienez lau argazki aurkezteko aukera izan du, koloretan edo txuri beltzean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide