Anartz Artola eta Irati Larrañaga gailendu dira Aiako X. Mendi Lasterketan

Iñigo Gaiton 2021eko urriaren 3a

Euria eta lokatza izan ditu protagonista gaur goizean Pagoetan barrena egin den lasterketak. Artolak 01:10:57 denbora eginda lortu du txapela gizonezkoen artean, eta emakumezkoetan 01:10:57 denborarekin gailendu da Larrañaga. Aiarren artean, Gaizka Iruretagoiena eta Ainhoa Usandizaga izan dira onenak.

Aiako X. Mendi Lasterketa jokatu da gaur goizean. Eguraldi txarra emana zegoen probarako, eta partea bete-betean bete da: lehen ordutik euria gogotik egin du, eta gero leuntzen joan bada ere, haizea harro ibili da egunaren hasieran. Hori dela eta, antolakuntzak irteera eta helmuga puntua mugitu egin du, eta 10:30ean, korrikalariak probalekutik atera dira, Pagoeta aldera.

Parte hartzaileek azaldu dutenez, lokatz asko bilatu dute ibilbidean zehar, eta horrek kontu handiagoarekin ibiltzera behartu ditu puntu batzuetan.

Gizonezkoen artean, Anartz Artola izan da azkarrena. Haren aurretik korrikalari bat pasatu da helmugan, baina ibilbidean nahastu egin delako; antolakuntzak azaldu duenez, oharkabean, beste bide bat hartu du, eta gainontzeko parte hartzaileek baino 3 kilometro gutxiago egin ditu. Hala, Artolak jantzi du txapela, lasterketa 01:10:57 denborarekin bukatu eta gero. Bere atzetik Hodei Lujanbio sailkatu da (01:12:36), eta hirugarren postuan Josu Urrestarazu (01:12:37).

Emakumezkoetan Irati Larrañagak irabazi du lasterketa helmugan, 01:29:30 denbora eginda. Larraitz Etxebesterentzat (01:31:20) izan da bigarren saria, eta hirugarrena Marina Gonzalezentzat (01:33:32).

Antolakuntzak bi aiar onenei ere eman die sari bana, eta horiek Gaizka Iruretagoienak(01:20:08) eta Ainhoa Usandizak (01:37:12) jaso dituzte.

Ehundik gora parte hartzaile

Aiako X. Mendi Lasterketak 106 korrikalari bildu ditu. 132 lagun zeuden izena emanda, eta irteeran gutxiago izan dira azkenean. Udazkenean beste datarik ez zutelako, gaurko jarri zuten lasterketaren eguna antolatzaileek: "Ehiza garaia izanik, lasterketa hurrengo asteetan egitea ez zaigu egokia iruditu, aurrerantzean ibilbidearen puntu batzuetan ehiztari dezente ibiliko baita. Horregatik, udazkenean egitekotan, gaur zen egun onena".

Beste zenbait lasterketa ere izan dira gaur, tartean Zumaiako Flysch Trail ezaguna, eta litekeena da horrek Aiako partaidetza jaitsi izana. Hala ere, antolatzaileak kontentu zeuden goizean, aurtengo edizioa "nahikoa normaltasunez" egitea lortu dutelako. Hurrengo urteko edizioari begira daude dagoeneko: "Apurka normaltasuna berreskuratzen ari garela ikusita, martxoan egiten saiatuko gara, beti bezala. Aurten, nola edo hala, lasterketari eutsi nahi izan diogu, eta hori lortu dugu".

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide