Hamaika pertsona salatu ditu Ertzaintzak Aian, osasun neurriak ez betetzeagatik

Mireia Galarza Bastida 2021eko urtarrilaren 24a

23:30ak aldera atzeman zuen taldea "txabola moduko eraikin batean". Ez da, ordea, asteburuko jazoera bakarra izan Aiakoa.

Pandemiaren ondorioz ezarritako osasun arauak ez betetzeagatik, hamaika pertsonei salaketa jarri zien bart Ertzaintzak Aian.

Ertzaintzak UROLA KOSTAKO HITZA-ri baieztatu dionez, 23:30ak aldera atzeman zuen taldea "txabola moduko eraikin batean", eta bete beharreko arauak "apurtzen" zituztela ikusita, erabaki zuten salaketa jartzea.

Hala ere, Aiakoa ez da izan astebukaerako jazoera bakarra. Besteak beste, Segura, Usurbil nahiz Areatzan ere hainbat talde atzeman ditu Ertzaintzak osasun neurriak behar bezela bete gabe.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide