"06:30etik 08:30era gelditu gabe aritu naiz errepidea garbitzen eta gatza botaz"

Onintza Lete Arrieta 2021eko urtarrilaren 2a

Elur makinak dabiltza aurrera eta atzera atzo iluntzetik Euskal Herriko hainbat txokotan. Antxon donostiarra, esaterako, goizean goizetik dabil Aian, elurra errepidetik kendu eta gatza botatzen herritik Iturriotzeko bidegurutzerako errepide zatian.

Laneguna Aia eta Iturriotzeko bidegurutze artean gora eta behera pasako du gaur Antxon donostiarrak elur makinarekin. 06:30ean hasi da bere txanda, "eta 08:30ak arte gelditu gabe ibili naiz palarekin eta gatza botaz", azaldu du. 11:00etarako lau joan-etorri eginak zituen aipatutako errepide zati horretan. Arazo handirik ez du ikusi errepidean, baina jendea mendira joateko autoa uzten hasi da Iturriotzeko bidegurutze inguruan, eta azken itzulian justu-justu eman du buelta. "Enpresakoei jakinarazi diet, eta momentuz ez naiz haraino joango", kontatu du atseden hartzen ari zen tartean.

14:00etan amaituko da bere txanda, eta ondoren beste lankide bat etorriko da, errepide zati bera garbitzera. Gauez ere ariko da hirugarren bat.

Kamioian 6.000 kilo gatz daramatza, "berez nahikoa da nire txandarako". Gehiago beharko balute, berriz, Andoainen dute materiala hartzeko tokia. "Niri zonalde hau tokatu zait, beste batzuk Artikutzan daude, Aiako Harrietan ere bai...".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide