Bi mingain urdin kasu atzeman dituzte Aiako ustiategi batean

Karkara.eus 2020ko urriaren 30a

Mingain urdina gaitzaren aurkako protokoloa aktibatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta foru erakundeak bere gain hartuko ditu txertaketa kanpainaren eta osasun kontrolen gastu guztiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du Aiako ustiapen batean mingain urdina gaitza duten bi abelburu atzeman dituztela. Konfirmazio ofiziala gaur iritsi bada ere, Foru Aldundiak elkarlanean ari zen azken egunetan gaixotasunaren aurkako neurriak hartzeko Bizkaia eta Arabako aldundiekin, eta Eusko Jaurlaritzarekin. Hala, aldundiak agindua argitaratuko du, “animalien osasuna bermatzeko protokoloak aurreikusten dituen neurri guztiak ezartzeko”. Besteak beste, honako neurriak ezarriko dituzte; batetik, animaliak lekuz aldatzerakoan arau zorrotzak bete beharko dituzte abeltzailek, eta batetik bestera mugitzeko animaliak desinfektatu egin beharko dira eta PCR proba egin; bestetik, txertaketa kanpaina ere martxan jarriko du foru aldundiak, eta gaixotasunaren zaintza areagotu egingo dute. 

Gipuzkoa osoan ezarriko dute neurria eta foru aldundiak bere gain hartuko ditu txertaketa kanpainaren eta osasun kontrolaren gastuak. Txertaketa kanpainak bizpahiru aste irautea aurreikusi dute, eta bukatzen dutenean bertan behera utziko dira animalien garraiorako murrizketak. 

Gaixotasunaren ezaugarriak
Mingain urdina edo Ardien Katarro Sukarra kutsakorra den gaixotasun birikoa da, intsektuen bidez transmititzen da eta animalia hausnarkari domestikoei zein basatiei eragiten die, batez ere ardiei. Dena dela, foru aldundik zehaztu dute ez duela inolako eraginik gizakiengan.

Euskadin atzeman zen azken fokua 2009an izan zen eta Espainiar estatuan, aldiz, 2010eko azaroan, Cadizen [Andaluzia, Espainia]. Dena dela, udan, eta, batez ere, irailean zehar, 43 foku diagnostikatu dituzte Frantzian; "beraz, itxura guztien arabera Frantziatik etorritako eltxo bat izan daiteke gaitzaren iturburua Aian".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide