Aiako Udal ekipamendu guztiak itxiko dituzte bihartik aurrera

Urola Kostako Hitza 2020ko mar. 12a, 15:22

Eusko Jaurlarlaritzaren gomendioak jarraituz, Aiako Udalean neurriak hartu dituzte koronabirusaren hedapena murriztearren. Lardizabal Herri Eskola eta Kimu Haurreskola ere itxiko dituzte bihartik aurrera.

Aiako Udalak jakitera eman duenez, bihartik aurrera Udal ekipamendu guztiak itxiko dituzte: Goiz-Argi, Gaztelekua, Kultur Etxea, Ludoteka, ikastaro guztiak... Neurria, oraingoz, martxoaren 30a bitartean egongo da indarrean.

"Herritarrei gomendioak jarraitzea eskatzen diegu, koronabirusaren zabalkuntza ahalik eta gehien murrizteko", adierazi dute udaletik.

Bestalde, Euskadiko Automobilismo Federazioak adierazi du martxoko proba guztiak atzeratu egingo dituela, tartean, hilaren 21erako antolatutako Aiako XIII. Igoera.

Lardizabal Herri Eskola eta Kimu haurreskola itxita, bihartik aurrera

Eusko Jaurlaritzaren aginduz, Lardizabal Herri Eskola eta Kimu Haurreskola itxita egongo dira bihartik aurrera.

Enpresei dagokionez, Indauxen Aiako lantokian neurriak hartu dituzte. Koronabirusa dela eta, azken bi asteetan ezinbestekoak ez diren bidaiak atzeratzea erabaki dutela aditzera eman dute enpresatik.

Bidaiak ekidin ez ezik, kanpoko bisitak ere murriztu dituzte, eta zenbait bilera bertan behera uztea erabaki dutela adierazi du enpresako komunikazio arduradunak: “Protokoloaren barruan, kanpoko bisitariek jokabidearen inguruko informazioa jasoko dute bisita antolatu duenaren eskutik”. Horrez gain, gune ikusgarrienetan Jaurlaritzak zabaldutako higiene gomendioak itsatsi dituztela gaineratu du: “Gomendioetako bat da, adibidez, agurtzean eskurik ez ematea”. Bilerei dagokienez, gela zabaletan egingo dituztela azaldu du komunikazio arduradunak, eta igogailuen erabilera saihestuko dutela. 

Gainera, Indauxek badu bestela ere mediku zerbitzua: “Gure mediku zerbitzuaren eginkizuna da langileen osasuna zaintzea, era norbanakoan nahiz kolektiboan, eta langileen osasuna kaltetu dezaketen aukera guztiak aztertzea”. Horretarako, segurtasun kontrolak egiten dituztela gaineratu dute. 

Elizak ere neurriak hartu ditu
Eliza ere hasi da neurri zehatz batzuk hartzen. Gipuzkoako Bikaritzak ohar bat helarazi zien elizbarrutiko parrokiei larunbatean, zenbait neurri hartzeko eskatuz. Hain zuzen ere, elizaren sarrerako ur bedeinkatua kentzea, eskuak garbitzea, bakea ematerakoan eskurik ez erabiltzeko eta jaunartzean ostia ahora ez ematea eskatu diete eliztarrei.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide