Aian boto gehien EAJk lortu ditu gaur ere

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 10a

Apirilean ere alderdi horrek lortu zuen boto gehien Aian, eta EH Bildu izan zen bigarren indarra Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. Gauza bera gertatu da gaur, baina boto gutxiago eskuratu dute alderdiek, parte hartzea jaitsi delako. %58koa izan da gaurkoa; %65,42koa, berriz, apirilekoa.

EAJk irabazi du Aian 406 boto eskuratuta gaur, azaroak 10, ospatu diren hauteskundeetan. Bigarren indarra EH Bildu izan da, 316 botorekin. Apirilaren 28an bezala, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin dira, eta espero zen bezala, parte hartzea jaitsi egin da. Apirilean %65,42koa izan zen Aian, eta gaur, berriz, %58koa. Horregatik, alderdi batzuek boto gutxiago eskuratu dute gaurkoan. Beste batzuek, berriz, eutsi egin diote.

Hirugarren indarra Podemos izan da 94 botorekin, eta atzetik jarraitu dute hurrenez hurren PSOEk 32 botorekin, Pacmak 8 botorekin, PPk eta Voxek 7 botorekin, eta azkenik, Ciudadanosek, 6 botorekin. Boto zuriak 4 izan dira, eta baliogabeak, berriz, 2.

Beheko grafikoan ikus daiteke alderaketa, Aian gaur eta apirilaren 28ko hauteskundeetan lortutako emaitzen artean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide