Datorren larunbaterako, irailak 14, saguzarrak hurbiletik ezagutzeko bisita antolatu dute Aiako Iturraran parketxean. 19:30etik 21:30era bitartean izango da.
Antolatzaileek azaldu dutenez, besteak beste, "gaueko ugaztun hegalari misteriotsu horien bizi ohiturak, elikadura edota ehizatzeko eta hegan egiteko moduak ikasiko dira bisitan". Saguzar motak ere ezagutu eta landuko dituzte bertaratzen direnek. Ane Caro eta Unai Baroja adituek azalduko dute hori guztia, Iturrarango ganbaran.
Azalpen orokorren ostean, saguzarrak bilatuko dituzte parte hartzaileek, parketxe inguruan. Gainera, aplikazio bati esker, iluntzen duenean saguzarrak entzuteko aukera izango da. Antolatzaileen arabera, "saguzarrak behatzeko momenturik egokiena" da iluntzea.
Bisitan parte hartu nahi dutenek 943-83 53 89 telefono zenbakira deituta edota iturraran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera mezua igorrita eman dezakete izena dagoeneko. 5 euro ordaindu beharko ditu pertsona bakoitzak.