Iñaki Telleria. EH Bilduren Aiako alkategaia

"Aiarren beharrak asetzea izango da gure lehentasuna"

Aiora Larrañaga 2019ko maiatzaren 8a

30 urtez suhiltzailea izan zen Iñaki Telleria (Azkoitia, 1956), eta erretiratu zenetik bizi da Aian. Orain, Aiako Udaleko eguneroko martxan aldatu nahi du Telleriak.

30 urtez suhiltzailea izan zen Iñaki Telleria (Azkoitia, 1956), eta erretiratu zenetik bizi da Aian. Orain, Aiako Udaleko eguneroko martxan aldatu nahi du  EH Bilduren Aiako alkategaia denak.

Zer dela-eta erabaki duzu EH Bilduko alkategai aurkeztea?
Aiara bizitzera etorri nintzenean, oso abegikor hartu ninduten, eta harreman polita dut aiarrekin. Alkategai aurkeztea proposatu zidaten, eta erronka onartu egin dut: denbora dut, Euskal Herria eta euskara maite ditut, Aia maite dut bertako herritar sentitzen naizelako, ulertu dut herriak zer arazo dituen eta uste dut badaudela bideak horiei irtenbidea emateko. Horrez gain, taldea ere nabarmendu nahiko nuke. Talde sakona da EH Bildun osatu duguna: herria sentitzen duena, euskalduna eta gizarte arazoekin konprometitua.

Nola baloratzen du EH Bilduk azken udal agintaldia?
EAJren Udal Gobernua iraganean ainguratuta ikusten dugu. Azken lau urteetan alkate berria izan dugun arren, aurrekoaren jarrera eta antzeko balioak izaten jarraitzen du. Oso agintaldi gorabeheratsua izan da. Taldeko kideek aipatu dute Amezti etxearen auzian bakarrik sentitu direla, eta indar eta energia asko gastatu dutela gai horrekin, agian herriko beste zenbait arazo alde batera utzita.

Aiako alkatetza lortzen baduzue, zer lehentasun izango dituzue?
Gure helburua ez da proiektu ikusgarriak bultzatzea, herritarren beharrak asetzeari eman nahi diogu garrantzia. Aian etxebizitzen alokairua ez da batere merkea, eta horri garraio gastuak gehitu behar zaizkio. Horregatik, guk alokairuaren aldeko apustua egiten dugu, eta dirulaguntza lerroak sortu nahi ditugu, hala herritarrek herrian bertan etxebizitza alokatu dezaten.
Horrez gain, herriko garraio publikoak ere aldaketa sakona behar du. Ordutegiak ez daude herritarren beharretara egokituta, eta lehenik eta behin garraio publikoaren inguruko galdeketa egin nahiko genuke. Gure helburua da Urola Kostako garraiobide publikoekin lotura zuzena duen autobus zerbitzua izatea. Horren osagarri, diruz lagundutako taxi zerbitzua berezia ere jarri nahi dugu. Herria biziberritu nahi dugu, eta horretarako aiarrei bizimodua erraztu behar diegu. Herriaz hitz egiterakoan ez dugu herrigunea soilik kontuan hartzen, auzoetan ere eragin nahi baitugu. Gauza txikiekin auzotarren bizi kalitatea asko hobetu daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide