Lau urtez Aiako alkate izan ondoren, berriro ere Aian EAJren zerrendaburua izango da Nekane Arrizabalaga (Aia, 1972). Agintaldi berriko erronkez aritu da aiarra.
Bigarrenez Aiako EAJko zerrendaburu aurkeztu zara. Zerk bultzatu zaitu horretara?
Hasierako ilusioa bizi-bizirik daukat, eta agintaldi berrian herriaren alde lanean jarraitzeko gogoz nago. Herrigintza egiten dugu guk, herritarren ongizatea baita gure helburu nagusia. Bide horretan, oso lagun onak izan ditut azken lau urteetan, eta babestuta sentitu naiz une oro. Horrek lanean jarraitzeko eta proiektu berriak sortzeko gogoa eta indarra eman dizkit.
Agintaldi berrian zein izango dira zure lehentasunak?
Igerilekua berritzeko lanak egitea da agintaldi berriari begira gure proiekturik garrantzitsuena. Garai berrietara egokitu, eta gune erakargarria sortu nahi dugu herritarrentzat eta bisitarientzat. Izan ere, herriko nortasuna galdu gabe, herri erakargarria izan nahi dugu, eta igerileku berrituak turismo eskaintza osatzeko balioko duela uste dugu.
Horrez gain, Lardizabal Eskolako eraikin zaharra eraberritu nahi dugu. Gure asmoa da bertan kirola, kultura eta gaztedia uztaturko dituen gunea sortzea. Alde batetik, gimnasioa eta adineko pertsonek jarduerak egiteko aretoa egin nahi ditugu; bestetik, herrian musika ikasteko toki egokirik ez dugunez, horretarako egokitutako gelak ere egin nahi ditugu bertan.
Hirugarren erronka, kaskoko etxebizitza zaharrak eraberritzeko lerroa sustatzea izango da. Modu horretan, gazteen etxebizitza beharrari irtenbidea eman nahi diogu, herriko gazteek herrian bizitzeko aukera izan dezaten.
Azken agintaldian garrantzi berezia eman diezu auzoei. Dinamika horrekin jarraitzeko asmoa al duzu?
Oso pozik gaude auzoetan egin dugun lanarekin. Herria denok gara, kaskoak eta auzoek osatzen baitugu Aia. Azken lau urteetan proiektu garrantzitsuak egin ditugu auzoetan, Andatzako auzo elkartea eta erabilera anitzeko aretoa dira horren adibide. Udalak parte hartze prozesua egin zuen auzotarren beharrak ezagutzeko. Proiektua auzotarrengandik sortu zen; Andatzako auzotarrek proiektuan sinesten zuten eta beraiek izan dira bultzatu dutenak, udala bidelagun dutela. Proiektu bikaina egin dugu elkarlanean. Hurrengo agintaldian ere orain arteko dinamikarekin jarraitu nahi dugu, herritarren, auzotarren eta udalaren arteko elkarlanean sinesten baitugu EAJn.