Apirilaren 27an eta 28an, larunbata eta igandea, XVII. Landare Berezien Azoka egingo dute Pagoeta Natur Parkeko Iturrarango Lorategi Botanikoan, Aian. Urtero bezala, munduko txoko desberdinetako landareak ikusteko eta erosteko aukera izango dute herritarrek. Antolatzaileen arabera, "bost kontinenteetako landare festa" izango da: "Aurtengoan inoiz baino landare postu gehiago ditugu, guztira 50".
Bestalde, inguruko elikagaiak eta edaria erosteko postuak ere izango direla iragarri dute. Iturrarango lorategiko ibilbideetatik paseatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, eta "haurrek jolasteko gune eder bat aurkituko dute".
Azokarako boluntarioak behar dituzte
Iturrarango arduradunek azaldu dutenez, Landare Berezien Azokan ibilgailuek ezin izaten dute Iturraranen aparkatu: "Horregatik Aian eta Orion aparkaleku bereziak prestatzen ditugu, eta autobusak antolatzen ditugu Iturraranera joan-etorria egiteko". Kontsigna zerbitzu berezia ere izaten da, herritarrek erositako landareak Iturraranen jasotzeko, eta Aiako eta Orioko aparkalekuetan erosleen artean banatzeko. Horrez gain, mintegietako arduradun asko frantziarrak izaten direnez, horien eta erosleen arteko harremana errazteko frantses itzultzaileak ere izaten dira.
Zerbitzu hauek guztiak aurrera eraman ahal izateko, boluntarioen lana beharrezkoa dela adierazi dute antolatzaileek, eta ekimenean parte hartzeko dei egin diete Aiako eta Orioko herritarrei. Interesa dutenek Iturraran parketxera deitu dezakete (943 835 389), 10:00etatik 14:00etara.