Aurten Aiako Udalak 510 mila euro inguru bideratuko ditu inbertsioetara

Aiora Larrañaga 2019ko otsailaren 5a

Pasa den astean 2019ko Udal Aurrekontua onartu zuten Aian, baina udalbatza osatzen duten alderdiak ez ziren adostasunera iritsi, EH Bilduk aurka bozkatu baitzuen.

Pasa den asteazkenean Aiako Udalbatzak 2019ko udal aurrekontua onartu zuen, EAJren sei aldeko eta EH Bilduren aurkako lau botoekin. 2019an denera 2.518.813,71 euroko aurrekontua izango du Aiako Udalak, eta horietatik 510.622,99 euro inbertsioetara bideratuko ditu. Aiako alkate Nekane Arrizabalagak azaldu duenez, agintaldian zehar EAJren helburu nagusia eskola berria amaitzea izan da. "Helburua bete dugu eta horrez gain gaitasuna izan dugu herrigunean eta auzoetan inbertsioak egiteko, zorrik sortu gabe".

2019ko Aiako Udal Aurrekontua
Denera 2.518.813,71 euroko aurrekontua izango du Aiako Udalak 2019an. Aurrekontuko 510.622,99 euro inbertsioetara bideratuko dituzte.
Jarraian gastuen banaketa partidaz partida:
- Igerilekuko irisgarritasuna hobetzeko 1. fasea: 265.730 euro
- Aurizenea paseotik aurrera oinezkoen lotura: 40.000 euro
- Eraikin publikoen eraberritze lanak: 7.892,99 euro
- Auzoetan inbertsioak: 40.000 euro
- Auzoetako argiteria hobetzeko lanak: 20.000 euro
- Herriguneko argiteria hobetzeko lanak: 20.000 euro
- Frontoia eta dema-plaza gunea egokitzeko: 20.000 euro
- Turismo garapena: 15.000 euro
- Seinalitika: 10.000 euro
- Bide eta azpiegiturak berritzeko: 60.000 euro
- Ikerketa lanak: 12.000 euro

Adostasunik ez
2019ko Udal Aurrekontu osatzeko negoziatzen aritu dira udalbatza osatzen duten bi alderdiak, baina azkenean ez dira adostasunera iritsi. Izan ere, Aiako EH Bildutik adierazi dute baiezkoaren truke konpromiso batzuk eskatu dizkiotela alkateari, "baina guk egindako proposamen gehienak baztertuak izan dira".

Aiako EH Bilduk estrategikotzat jotzen dituen bi gai esaterako, aurrekontutik kanpo geratu direla nabarmendu dute. "Euskara ikasi ahal izateko hobarien muga kentzeko eskatu genuen. Beste herrietan ez bezala, Aian lau urtetan bakarrik jaso baitzitekeen hobari hau. Gobernuak proposamen hau onartu egin du eta positiboki baloratzen dugu. Baita Andatzako babes ofizialeko etxebizitzetatik plazara igotzeko aldapara pasabide bat irekitzea ere".

Dena dela, Aiako EH Bildurentzat oso garrantzitsuak dira garraio publikoaren eta etxe hutsen gaiak ere, eta horiek ez ditu aurrekontuan jaso udal gobernuak. "Alde batetik, autobusen ordutegian aldaketa sakon bat egiteko proposamena jaso genuen herritarrengandik, eta horretarako Gipuzkoako Foru Aldundia ere eztabaidan sartzeko eskatu genion udal gobernuari, herritar eta erakundeen gaiaren inguruko elkarrizketa publikoa sortu eta denon artean ordutegien hobekuntza erabakitzeko. Proposamena ukatua izan zen". Bestetik, etxebizitzen arloan, hutsik dauden etxeak merkaturatzeko politikak martxan jartzeko ere eskatu zuen EH Bilduk. "Ez dugu udal gobernua gai horrekin batere kezkatua ikusten, eta ez dago konpromisorik hartzeko prest".

Hausnarketa beharra
EH Bilduren eskarien aurrean, EAJk uste du, "garraio publikoan hutsunea dagoen ordutegien inguruan hausnarketa egin eta egoera hobetzeko bidea jorratu behar dela, Lurraldebusekin harremanetan". Bestalde, etxebizitza hutsen gaia "estregikoa" dela ere nabarmendu dute, baina epe luzera begira egin beharrekoa dela uste dute. "Gaia lantzen ari gara", azaldu du alkateak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide