Lopategiren idiek lortu dute markarik onena bart, Aiako XIX. Kintopeko Idi Proben bigarren egunean

karkara.eus Aktualitatea. 2018ko azaroaren 4a

Atzo gauean XIX.Kintopeko Idi Proben bigarren jardunaldia jokatu zen Aian, iluntzeko hamarretatik aurrera. Lehen egunean Ipañarrietaren idiek 65 plaza, 4 zinta eta 80 zentimetro egin zituzten, eta marka hori hobetzeko lehian aritu ziren Aurrekoetxea, Alegria eta Lopetegi idi-zaleen pareak. Markarik onena Lopategiren idi pareak lortu zuen: 65 plaza, 3 zinta eta 1,12 metro. Zinta bat falta izan zitzaien Ipañarrietaren marka hobetzeko. Atzoko bigarren markarik onena Alegriaren parearena izan zen (53 plaza, 7 zinta eta 2,57 metro) eta hirugarrena, berriz, Aurrekoetxearen idiena (50 plaza, 0 zinta, 0 metro). Bihar, astelehena, jokatuko da Aian idi proben azken jardunaldia, gaueko hamarretatik aurrera. Iñaki Oliden oriotarra, Isidro Erretegia eta Jesus Garayar arituko dira lehian. Lopategiren idiak dira Ibon Errazuk bidalitako argazkietan ikusten direnak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide