Aurizenea pasealekua berritu eta egokitu du Aiako Udalak udan

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2018ko urriaren 10a

Zoru zaharra erretiratu eta berria jarri dute, eta pasealekuaren sarrerak ere egokitu dituzte.

Aiako Udala herria irisgarritasun arauetara egokitzeko ahalegin berezia egiten ari da, eta ildo horretan Aurizenea pasealekua berritu dute udan. Aiako alkate Nekane Arrizabalagak azaldu duenez, ohartu ziren mugikortasun arazoak zituzten herritarrek "zailtasunak" zituztela pasealekuan barrena ibiltzeko. "Baziren, lurraren egoera ikusita pasealekuko lehen eserlekuetan geratzen zirenak, aurrera egin gabe". Hori dela-eta, udan Aurizenea pasealekuko lurra konpondu du Aiako Udalak. "Orain arte harrizko lurzorua zuen pasealekuak eta oso hondatuta zegoen. Horregatik, zoru zaharra erretiratu da, eta oinezkoentzat egokia den zoru berria jarri da. Horrez gain, pasealekuari sarrerak ere egokitu zaizkio, irisgarritasuna bermatzearen aldera", adierazi du. Aiako alkateak, jakin badaki Aurizenea pasealekuak badituela hainbat lan egiteke, baina garrantzitsuena bete dela uste du. "Herrira gerturatzen diren guztiei paseatzeko eremu aproposa eskeini diegu". Landa eremuko seinalitika Bestalde, Aiako Udaletik jakinarazi dute landa eremuko seinalitikan ere aldaketak egin dituztela uda partean. Girod enpresak egin ditu lanak, eta Iruretaegi bailaran hasi eta Santio-Erreka auzoraino lanean aritu dira. Izan ere, Arrizabalagarentzat "garrantzitsua" da herriko auzoetan ere berrikuntzak egitea. "Pixkanaka goaz, gauza txikiei garrantzia emanez", nabarmendu du alkarteak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide