Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur, asteazkena, hasi dituzte Santio jaiak Aiako Santio Errekan. Ohitura den legez, herri kirol jaialdia izan da gaur eguerdian, eta jendetza bildu da frontoi inguruan. Jaialdiaren barruan, Antxon Larrarte Aranguren omendu dute auzotarrek. Arangurenek hamahiru arroako ingudearekin erakustaldia egin zuen duela 44 urte Santio Errekako jaietan.
Santio Erreka auzoko Aranguren baserrikoa da Antxon Larrarte, eta duela 44 urte hamabi arroako ingudearekin apustua irabazi zuen auzotar baten aurka. Ingude hura berea ez zenez, hamahiru arroako beste ingude bat eskuratu, eta urte hartan bertan, Santio jaietan erakustaldia eman zuen Larrartek frontoian. Gertakari hura gogora ekarri dute gaur eguerdian Joseba Ostolaza eta Imanol Illarramendi Kortaberri harri-jasotzaileek Santio Erreka auzoko jaietan,Larrarteren hamahiru arroako ingudearekin erakustaldia eginda. Ingudea "benetan pisutsua eta astuna" dela bi harri-jasotzaileak bat etorri dira. Herri kirol jaialdiko ikusleen artean egon da Aranguren, eta gustura hartu du auzotarrek egin dioten aitortza.
EGITARAUAUztailak 25, asteazkena
10:30. Meza.
Ondoren, auzoko erretiratuen hamaiketakoa Portu erretegian.
Jarraian, herri kirol jaialdia.
Uztailak 26, osteguna
10:30. Meza.
Uztailak 27, ostirala
23:30. DJ Ibon.
Goizaldean, oilasko biltzea.
Uztailak 28, larunbata
16:00. Mus Txapelketan izena ematea.
16:30. Mus Txapelketa.
22:00. Bertso saioa, Jone Uria, Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Sustrai Colinarekin. Gai jartzailea: Jon Agirresarobe Torrotxo.
00:00. Abiba Disko Jaia.
Uztailak 29, igandea
10:30. Umeentzat jolasak.
Uztailak 30, astelehena
19:00. Elortza, Larra eta Leta trikitilariak.
21:00. Oilasko biltzeko afaria Portu erretegian. (Txartelak txosnan izango dira salgai).
Ondoren, Elortza, Larra eta Leta trikitilarien bigarren saioarekin bukatuko dituzte jaiak.