Agerre Buru, ardi gazta onena

Urola Kostako Hitza 2018ko mai. 17a, 10:08

GourmetQuesos Espainiako gazta txapelketan ardi gazta erdi ondu onena egin dute Jose Migel eta Jose Luis Odriozola Agerre Buru baserriko anaiek. Aian urtero egiten den nekazari eta abeltzainen Asentzio Ferian izango dira igande goizean, baserrian egindako gaztak saltzen.

Odriozola anaiak, 2017an Ordizian irabazitako sariarekin. (Argazkia: Aiora Larrañaga) Pasa den astean ospatu zen Madrilen GourmetQuesos Espainiako gazta txapelketa. Bertan izan ziren Agerre Buru baserriko Jose Luis eta Jose Migel Odriozola anaiak, eta  lehen postua lortu zuten ardi gazta erdi-onduaren kategorian. "Hemen Ordiziako txapelketa dugun  bezala, Espainiako gaztarik onenak joaten dira txapelketa horretara", dio Jose Migel Odriozolak. Zehazki, 101 gazta izan ziren lehian Madrilgo txapelketan. Ez zuten espero saria aiarrek: "Lehenengo aldia zen izena ematen genuena. Parte hartzeko, bi hilabete lehenago gazta pare bat bidali genuen Madrilera". Handik hilabetera deitu zieten, finalera pasa zirela esanez, eta sei kilo gazta bidali zituzten orduan. Gazta horiek jaso ondoren deitu zieten berriro ere Odriozola anaiei, gazta onena haiena zela esanez. "Astearte batean deitu ziguten, eta ostegunerako joan ginen Madrilera, saria jasotzera", azaldu du Odriozolak. Askotariko gazta motak izan ziren Madrilen, eta hamabi kategoriatan banatu zituzten lehiaketan. "Behi gazten hiru kategoria zeuden, ahuntzarenak beste hiru, eta ardiarenak, sei. Onduak, erdi-onduak, ketuak, nahasketak...". Kategoria horietatik bat irabazi zuten aiarrek, baina horietatik guztietatik irabazle bakar bat ere hautatu zuten antolatzaileek: errautsekin nahasitako behi gazta biguna, alegia. Odriozolak dastatzeko aukera izan zuen, eta haren hitzetan, "berritzailea" zen. Beraiek Madrilera bidalitako gazta abenduaren 31n egindakoa da. "Lau hilabete pasatxo zituen, eta puntu politean zegoen. Ketu gabea zen, jateko modukoa", dio umorez gaztagileak. Espainiakoa, ordea, ez da gazta txapelketa batean nagusitzen diren lehen aldia. Irailean irabazi zuten Ordiziako gazta txapelketa ezaguna. Onena izateko sekretuak aitortu ditu Odriozolak: "Zortea izatea da % 80a, gaztak egiten onena den anaia beste %10a, eta gainontzekoa, ardiak egunero larrera ateratzea". Aurten elurragatik lau egunez atera  ezin izan dituzten arren, garrantzizkotzat jotzen dute gaztagileek ardiak zelaira irtetea. "Aurten negu txarra egin du, baina gainontzean, beti ateratzen ditugu. Ilea ere urtean behin soilik mozten diegu, maiatzaren erdialde inguru horretan". Ukuiluan dauden ardiek baino esne gutxiago ematen dutela iruditzen zaio Odriozolari, baina kalitate hobeagoko esnea sortzen dutela dio. Duela 30 urte hasi ziren gazta egiten, eta esperientziak lagundu dien arren, "sistema bera" erabiltzen dutela aitortu dute anaiek. Txapelketak Espainiako gazta txapelketaz gain, badituzte gehiago begiz jota odriozolatarrek. Gipuzkoako txapelketa eta Ordiziakoa dira uda pasa ondoren aurkeztuko diren bi lehiaketa nagusiak: Gipuzkoakoa irailaren lehenengo igandean, eta Ordiziakoa, egun gutxira. Gainontzean, herri txikitako txapelketetan ere izango dira. Nolanahi ere, txapelketa batzuetan parte hartzeko gazta saltzera joatea beharrezkoa dela dio Odriozolak. Gernikan, esaterako, ez ziren azokan izan, eta ez zieten utzi txapelketan izena ematen. "Toki gehiagotan ere gertatzen da, esate baterako, Eibarren. Parte hartu nahi baduzu, gazta saltzera joan beharra daukazu". Aiako, Orioko eta Zarauzko saltoki batzuetan eta Donostiako harategi batean soilik saltzen dituzte beraien produktuak Odriozola anaiek. Nolanahi ere, inguruko herrietako azoketan izaten dira, eta igandean Aian izango den Asentzio Ferian egongo dira,  postua jarri eta gazta saltzen. "Herrian bertan dugu, eta nola ez gara ba bertan izango? Urteroko hitzordua da, ezer arrarorik gertatzen ez bada, behintzat". Azoketan jendea gerturatu arren, urtetik urtera gutxiago saltzen dela nabarmendu du Jose Migel Odriozolak. "Ohiturak ere aldatu egiten dira. Lehen gazta osoak saltzen ziren, eta orain laurdenak saltzen ditugu. Oparitzeko bakarrik saltzen dira osoak", aditzera eman du aiarrak. Nolanahi ere, bezeroen eskarietara egokitzen dute produktua azokara eramateko: "Lau zatitan eginda eramaten ditugu gaztak".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide