22 heldu eta 20 haur elkartu ziren pasa den ostiralean Kultur Etxean, lehenbiziko entseguan. (Argazkia: Lardizabalgo Guraso Elkartea).
Goazen abestera, Gozatuz abestu eta abestuz gozatu! proiektua abiatu du Aiako Lardizabal Eskolako Guraso Elkarteak, belaunaldi arteko abesbatza sortzeko asmoz. Ekainera arte entseguak egingo dituzte hilean behin Lardizabal Eskolako haur, gazte eta helduek, eskolako jaialdian emanaldia eskaintzeko.
Eñaut Solaguren Guraso Elkarteko kidearen hitzetan, Pedagogia Batzordean izan zuten abesbatza sortzearen ideia: "Zortzi lagun inguru elkartu ginen batzordean, eta aurten martxan jarri daitezken proiektuen proposamenak egin genituen: ikastaroak, hitzaldiak, ekintzak... Guraso Elkarteak duen denbora eta indarra kontuan izanik, abesbatza sortzearen proposamena iruditu zitzaigun guztioi egingarriena". Horretaz gain, adin ezberdinen arteko harremana "galduta" dagoela uste du Solagurenek, eta harreman horietan sakontzeko proiektu aproposa iruditzen zaio.
Proiektua martxan jartzeko, bizpahiru bilera egin zituzten ondoren. Ekainera arte, hilabetean behin entseguak jarri zituzten. Ostiralean, martxoaren 9an, elkartu ziren lehenbizikoz; 22 heldu eta 20 haur. Apirilaren 13an, maiatzaren 11n eta ekainaren 15ean, eskolako jaiaren bezperan, elkartuko dira hemendik aurrera Aiako Kultur Etxean, 19:00etatik aurrera. Alabaina, eskolako jaian parte hartzeko ez ezik, elkarrekin abestu eta "ongi pasatzeko" baliatu nahi dituzte hitzorduak.
Zortzi familiako taldea dute egun Lardizabalgo Guraso Elkarteko koordinazioan. "Guraso Elkarteak antolatzen dituen ekintza ezberdinak kudeatzen dituzte bertan", dio Solagurenek. Urtean zehar, ekimen andana antolatzen dituzte: talo jana, gaztaina jana, Gabonen bueltako ekintzak...