Sanantonetako harrijasotze jaialdia izango da igandean, Aian

Urola Kostako Hitza 2018ko urtarrilaren 8a

Mikel Lopetegi 'Urra'-k marka saiakera egingo du 100 kiloko zilindro zaharrarekin

Mikel Lopetegi "Urra" izango da bertan, eta marka-hauste saiakera egingo du. (Argazkia: Zarauzko Hitza). Igande honetan, San Anton jaien barruan, harrijasotze jaialdia izango da Aian. Mikel Lopetegi Urra zarauztarra marka hausten saiatuko da 100 kiloko zilindro zaharrarekin. Joxe Mari Gisasola Zelai-k ezarritako errekorra gainditzeko asmoa du: hiru minutuko txandan 43 altxaldi baino gehiago egitekoa, hain justu. Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarrak, Gorka Etxeberria oriotarrak eta Inhar Urruzuno ondarroatarrak ere hartuko dute parte jaialdian. Tartean, Udane Ostolaza, Iraitz Arruti eta Jakes Iruretagoiena harrijasotze gazteek erakustaldia eskainiko dute. Aiako Idi Probak elkarteak, Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak eta Aiako Udalak antolatu dute elkarlanean, eta federazioak izango du proba kontrolatzeko ardura.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide