Kalitate onena lortzea xede

Gipuzkoako HItza 2018ko urtarrilaren 5a

Aiako Ibarrola zentroan bizitzarako nahiz haragitarako idiskoak testatzen dituzte. Azterketak gainditzen dituztenekin enkanteak egiten hasi ziren abenduan.

  Abenduaren 17an egin zuten lehenengo enkantea Aiako Ibarrola zentroan, eta 22 idisko saldu zituzten. (Maria Maya Manterola) Aiako Ibarrola Testaje Zentroak hamar urte baino gehiago daramatza lanean, baina, joan zen ekainean, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat berrikuntza egin zuen hango azpiegituretan, eta bide berri bati ekin zion zentroaren jarduna kudeatzen duen EHAHE Euskadiko Haragi Abelgorriaren Hazleen Elkarteak. Ordura arte, soilik hazitarako edo bizitzarako izango ziren idiskoen hautaketa egiten zuten zentroan; baina, ekainetik, haragitarako idiskoak ere testatzen dituzte bertan. Era berean, enkanterako gune bat ere prestatu dute, eta, hain zuzen, joan zen abenduaren 17an egin zuten lehenengo salmenta. Aldundiaren arabera, zentroa "erreferente" da Euskal Herrian idiskoen berme sanitario eta genetikoari dagokionez, eta horren adibide dira abelgorriek gainditu behar dituzten kontrol zorrotzak. Bizitzarako idiskoen kasuan, hamar hilabeterekin sartzen dira zentrora, eta sei hilabetez egiten dizkiete azterketak. Zentrora sartu ahal izateko, ordea, hainbat baldintza bete behar dute: hasteko, abeltzainak abelgorrien arrazari dagokion elkarteko kide izan behar du. Elkarteak, berriz, animaliak genealogia aproposa duela baieztatu behar du. Horrez gain, ikuskatzaileak animaliaren jatorrizko ustialekura joaten dira, "itxura ona" duela frogatzeko. Idiskoak, berriz, aurrez pisaketa batzuk eginak izan behar ditu. Baldintza horiek guztiak betetakoan sartzen dituzte abelgorriak zentrora, eta han pisua nola irabazten duten kontrolatzen dute hamabostean behin. Egunean, gutxienez, 1,1 kilo irabazi behar dute, testatzearen amaieran animalia ontzat jo dezaten. Gainera, haren funtzionaltasuna egokia dela eta giharrak edo hezurrak ondo formatuak dituela baieztatu behar dute elkartekoek. "Azterketa gainditzen dute kalitate onekoak direnek eta kalitate hori beren kumeei transmititzeko gai direnek. Arraza barruan ugaltzea da horren helburua, eta idisko horiek bermea dute bihar aita izateko. Hau da, hautatutako idiskoak aita izateko erabiltzen dira, haien kume emeak gero amak izan daitezen", adierazi du Iñigo Agirre aldundiko albaitariak. Jarraitu erreportajea irakurtzen, Gipuzkoako Hitzaren atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide