Aiako X. Auto Igoera aurkeztu zuten asteartean, Andatzako Uhartemuño elkartean. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Larunbatean motor hotsak hartuko du Andatza eta Aiako herrigunea lotzen dituen bidea, Aiako X. Auto Igoera jokatuko baita. Lagun Artea eskuderiak eta Arkaitz Iruretagoiena aiarrak antolatu dute proba, eta Euskal Txapelketarako eta Gipuzkoako Txapelketarako puntuagarria izango da.
Aurtengoan 38 parte-hartzailek eman dute izena Aiako Igoeran, beste edizioetan baino gutxiagok. "Azken astetan auto proba asko jokatuko dira, eta pilotuek ez dute denetan parte hartzen, beraz aukeraketa bat egiten dute. Gainera, Aiako Igoera proba motza da, eta horrek parte-hartzean eragin duela uste dugu", azaldu dute antolatzaileek.
Egun osoko ekimena izango da. Goizean, 10:00etatik 12:00etara Aiako Joan Etorle kalean egingo dituzte egiaztapen tekniko eta administratiboak, eta bertan komisarioek egiaztatuko dute ibilgailuek segurtasun arauak betetzen dituzten. 13:30ean bidea itxiko dute, eta 15:00etan abiatuko dute lehen entrenamendu txanda. Denera lau txanda osatu beharko dituzte parte hartzaileek, bi entrenamendu txanda eta bi txanda ofizial.
Antolatzaileek eta Aiako alkate Nekane Arrizabalagak gogorarazi dute oso garrantzitsua dela segurtasun neurriak errespetatzea, antolatzaileei kasu egitea, eta ingurumena zaintzea eta errespetatzea. "Aiako Igoerak hamar urte bete ditu aurten. Motor usaina atsegin duten kuadrilla eta familia asko etortzen dira Aiako Igoera ikustera, eta aurten ere bertaratzen direnek arratsalde atsegina pasatzea espero dut. Hala ere, nabarmendu nahi dut oso garrantzitsua dela ingurua eta segurtasun arauak errespetatzea", adierazi du Aiako alkateak.
Ez da pilotu aiarrik izango proban
Aurtengoan parte hartzaileen artean ez da Aiako piloturik izango. Gorka Eizmendi parte hartzekoa zen, baina pasa den asteburuan Galizian jokatu zuen proban autoa matxuratu zitzaion eta ibilgailua ez du prest izango Aiako X. Igoerarako. Dena dela, parte hartzaileen artean izango dira izen ezagunak ere. Besteak beste, bertan izango da Aiako Igoera zortzi aldiz irabazi eta Euskadiko Txapelketako txapela hainbat aldiz jantzi duen Aitor Zabaleta pilotua.