Arzadunek eta Sarasuak idi dema apustua jokatuko dute ekainaren 17an, Aian

Urola Kostako Hitza 2017ko maiatzaren 25a

Ekainaren 17an idi dema apustua egitea adostu dute Arzadunek eta Sarasuak. (Hitza) Eusebio Arzadun Irazusta aiarrak eta Ramon Sarasua Otxandorena lezotarrak idi dema apustua jokatuko dute ekainaren 17an, Aiako probalekuan. Plaza gehien egin dituen idi parearen jabeak 3.000 euro irabaziko ditu. Arzadunek eta Sarasuak hainbat baldintza zehaztu dituzte idi dema apusturako. Alde batetik, Aiako probatokiko 1.750 kiloko harriarekin jokatuko dute norgehiagoka; ekainaren 17an, larunbatarekin, 22:00etan hasiko da hitzordua. Idi pareak egunean bertan pisatuko dituzte 10:00etan. Idi pareak 1.100 kilo baino gehiago pisatzen baditu, kiloko kilo eta erdiko gainzama eraman beharko du. Bestetik, itzaien lana ere zehaztu dute. Iñaki Urrutia, Asier Alegria eta Ramon Ikertza itzaiak kanpoan utziko dituzte, eta idi jabe bakoitzak bi itzai libre eraman ahalko ditu. Itzaiek arraopa aldatzen dutenean eta harriaren ondora joaten direnean epailea izan beharko dute ondoan. Proba Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak kontrolatuko du. Plaza garbitzeko hondarra idi jabeek eraman beharko dute; plazaren garbiketa ekainaren 17an egingo dute 19:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide