'Tunelak eta zubiak, eskailerak eta iturriak' da aurtengo Aiako argazki lehiaketako gaia

Urola Kostako Hitza 2017ko martxoaren 30a

Aiako XII. Argazki Lehiaketako gaia jakinarazi dute. Aurtengoan Aiako tunelak eta zubiak, eskailerak eta iturriak irudikatu beharko dituzte parte-hartzaileek, eta irailaren 29rako aurkeztu behar dira argazkiak Aiako Kultur Etxean. Argazkiek 2016an edo 2017an ateratakoak eta lehendik argitaratu gabeak izan behardute. Parte hartzaile bakoitzak gehienez lau argazki aurkeztu ditzake, eta pendrive edo CD batean eta argazki paperean entregatu beharko dira, 30x20 zentimentrotako neurrian, formatu horizontalean. Argazkiak, atzean izenburua zehaztuta, gutun-azal batean aurkeztu behar dira, eta horrekin batera egilearen izen-abizenak, bizilekua, harremanetarako telefono zenbakia, posta elektronikoa, argazkiaren izenburua eta argazkia ateratako eguna zehaztu behar dira. Saria Aiako XII. Argazki Lehiaketako sariak bi ataletan banatuta egongo dira, eta Aian erroldatutakoen eta Aian erroldatu gabekoen artean bereizketa egingo dute. Hala ere, bi multzoetako saridunek diru-sari bera jasoko dute: 1. sarituek 180 euro jasoko dituzte, 2. sailkatuek 150 euro eta 3. saria lortzen dutenek 100 euro. Lehiaketara onartzen dituzten argazki guztiekin erakusketa jarriko dute Aiako Kultur Etxean, eta ikusleen botoekin erabakiko da irabazleak zein diren, eta Aiako Udalak argitaratzen duen 2018ko egutegia zein argazkik osatuko duten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide