Iturraran Parketxean egingo dute ikastaroa igandean. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Clara Gutierrez etnobotanikariak sendabelarren inguruko ikastaroa eskainiko du igande honetan, Pagoeta Parke Naturaleko Iturraran Parketxean. Lau orduko saioa izango da, 10:00etatik 14:00etara, eta parte-hartzaileek ondoez arinak artatzeko etxerako botika kutxa osatuko dute sendabelarrez egindako sendagaiekin. "Gure inguruan aurkitu ditzakegun sendabelarrak zein diren azalduko dut lehenengo, eta horiekin min arinak osatzeko etxerako botika kutxa sortuko dugu", azaldu du etnobotanikariak. Euskal Herrian ezagunak ziren ukenduak ere egingo dituzte.
Inguruan erraz aurkitu daitezkeen landareak erabiliko ditu Gutierrezek etxeko botika kutxa egiteko: txikoria belarra, kalendula, ziguina eta beste hainbat. Landareekin egoskinak, enplastuak, tinduak, olioak edota lurrun desberdinak nola egiten diren ikasiko dute parte-hartzaileek ikastaroan . "Sendabelar horiek edonon aurkitu ditzakegu, ohikoak baitira inguruko baratzeetan eta lorategietan. Askotan ezjakintasunagatik belar txarrak deitzen diegu, baina oso onak dira osasunarentzat", argitu du Gutierrezek.
"Etenaldia transmisioan"
Gutierrezen iritziz, azken hamarkadetan herritarrek sendabelarren inguruan zuten ezagutza galdu egin da, "belaunaldien arteko transmisioan etenaldi bat gertatu da. Garai batean, sendagai naturalak egitea ohikoa zen, janaria prestatzen ikasten zuten bezala, sendabelarrez egindako erremedioak egiten ikasten baitzuten". Horregatik, etnobotanikariari garrantzitsua iruditzen zaio ezagutza hori berreskuratzea. "Nik neuk nire amarengandik eta amonarengandik jaso nuen sendabelarren inguruko oinarrizko ezagutza. Zoritxarrez, ez nuen ikasi beraiek zekiten guztia, baina beraiei esker murgildu nintzen mundu zabal horretan. Aurrerago, etnobotanikari ikasketek landareen dohainak ulertzeko baliabideak eskaini zizkidan. Gainera, munduan zehar bidaiatu dut, eta herrialde desberdinetan gaiaren inguruan sakondu ahal izan dut".
Gutierrezen iritziz, "sendabelarrek osasuntsu egoten laguntzen gaituzte". Gainera, horiek erabiliz ingurumenari "balioa ematen" zaiola uste du.
Igandean, goiz-eguerdi partean izango da ikastaroa Iturraran Parteketxean, eta gehienez ere 30 lagunentzako tokia izango dela jakitera eman dute antolatzaileek. Izena eman edo ikastaroaren inguruko informazio zehaztua jaso nahi dutenek,
iturraran@gipuzkoamendizmendi.net posta elektronikora idatzi edo 943-83 53 89 telefono zenbakira hots egin dezakete.