Naturarekiko errespetuan eraikiz

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko otsailaren 3a

Larunbatean Bioeraikuntzaren Lagunak elkarteak topaketa egin zuen Aian. Bioeraikuntzaren irizpideetan onarrituta herrian eraikitzen ari diren etxe bat bisitatu zuten parte-hartzaileek.

Bioeraikuntzaren irizpideak kontutan hartuta Aian eraikitzen ari diren etxebizitza bisitatu zuten larunbatean. (Aiora Larrañaga/Hitza) Natura eta bizidunak errespetatzea du helburu bioeraikuntzak. Euskal Herrian oraindik ezezaguna bada ere, eraikuntza mota iraunkorra hedatuta dago Europa osoan zehar, eta pixkanaka hemen ere zabaltzen ari da. «Eraikuntzak inpaktu izugarria sortzen du ingurumenean, eta bioeraikuntzak, ahal den neurrian, hori gutxitzea du helburu», azaldu du Nagore Tolosa arkitektoak eta Bioeraikuntzaren Lagunak elkarteko ordezkariak. Bioeraikuntza gizarteratzeko asmoz Bioeraikuntzaren Lagunak elkarteak topaketa egin zuen pasa den larunbatean Aian. Elkarteak hiru hilabetero antolatzen ditu jardunaldiak, eta topaketa bakoitzean bioeraikuntzarekin lotutako gai bat izaten dute hizpide adituen eskutik. Larunbateko saioan eraikuntza arloan lan egiten duten arkitekto, diseinatzaile, etxegileak eta gaiarekin interesatutako herritarrak bildu ziren Aian. Goiz partean, energiaren ikuspegitik buruaskiak diren eraikinen inguruko hitzaldia eman zuten; eta, arratsaldean, Aian bioeraikuntzaren irizpideak konttan hartuta eraikitzen ari diren familia bakarreko eraikina bisitatu zuten parte-hartzaileek. Bioeraikina Aiako bikote gazte baten etxea izango da bukatzen dutenean. «Hormigoizko etxebizitzak egiten dira normalean, baina guk argi genuen natura eta ingurua ahal den gehiena errespetatuko dituen etxebizitza egin nahi genuela; material naturalak izango zituena, hormigoia ez baitzaigu sekula gustatu», diote. Bioeraikuntza oraindik ezezaguna denez, interneten saltseatzen ari zirela izan zuten Bioeraikuntzaren Lagunak elkartearen berri. «Hitzaldi batera joan nintzen, eta horien bitartez ezagutu nituen Ekaitz Uribe eta Nagore Tolosa arkitekto gazteak». Kritikak Aiako bikotea bioeraikuntzak eskaintzen dituen abantailak ezagutzen hasi zenean, beren etxea «eraikuntza konbentzionala»oinarri hartuta eraikitzea atzera pausoa zela iruditu zitzaien. Dena dela, ez da bide erraza izan. «Hasieran dena ezezaguna zen, eta kritikak ere jaso genituen. Egurrezko egitura zuen etxea egitea atzerakoia iruditzen zitzaien askori, eta hiru txerritxoen ipuina jartzen ziguten adibide moduan: putz eginda erortzen zen egurrezko etxea gogoratuz». Dena dela, gazteek gogoratu dute frogatuta dagoela egurrezko egiturek hamarkada asko irauten dutela egoera onean. «Hormigoia duela hamarkada batzuk hasi zen erabiltzen, eta ez dakigu etxe horiek ehun urte barru nola egongo diren». Betiko baserriak eredu Bioeraikuntza kontzeptu berria bada ere, ehunka urtetan zehar baserritarrek beren etxea egiterakoan kontuan hartu izan dituzten irizpide berak ditu oinarrian. «Bioeraikuntzak osasunarentzat kaltegarriak diren materialak saihesten ditu, eraikinak termikoki isolatzeko erabiltzen diren goma-aparrak, esaterako». Horrez gain, eraginkortasun energetikoa ahal den gehien aprobetxatzen saiatzen da, eta horretarako garrantzi berezia ematen diote kokapenari eta orientazioari. «Garai batean baserritarrek etxea hegoaldera begira egiten zuten, eguzkiaren argia eta beroa aprobetxatzeko. Horrek goxotasuna eta argitasuna ematen baitizkio etxeari». Materialek ere zeresan handia dute bioeraikuntzan. «Egurra material naturala denez arnasa hartzen du», hori oso garrantzitsua da eraikina osasuntsu mantentzeko; bestela, etxean sortzen den lurruna barruan geratzen baita hezetasuna sortuz. Energia iturriei dagokionean, ingurumenarekin iraunkorrak diren aukera ugari daude, eta bakoitzak bere etxerako egokiena dena erabiltzen du. «Guk biomasako galdara aukeratu dugu, inguruan egurra eskuratzeko aukera daukagulako». Horretaz gain, eguzki plakak ere jarri dituzte teilatuan, argindarra eguzkitik lortu ahal izateko. Hausnartutako erabakia Zenbaitentzat arraroa bada ere, Aiako bikote gazteak azaldu duenez bioeraikuntzaren aldeko apustua ondo hausnartutako erabakia izan da. «Norberaren etxea egitea, bizitzako erabaki garrantzitsuenetako bat izaten da. Horregatik, ondo informatu gara erabakia hartu aurretik. Argi dago, bioeraikuntzak, ohiko eraikuntzarekin alderatuta, bere alde onak eta txarrak dituela, baina guk balantzan jarri ditugu alde guztiak, eta bioeraikuntzak eragozpenak baino abantaila gehiago dituela iruditu zaigu. Horregatik egin dugu horren aukera».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide