Kooperatibaren plazako eraikinaren gaineko kudeaketa zalantzan jarri du EH Bilduk. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Aiako EH Bilduk hainbat batzorde eta bileretan zalantzan jarri du Aiako Udalak Murias enpresarekin plazako Kooperatiba etxearen inguruan egin duen kudeaketaren legaltasuna. Koalizioak ohar bidez adierazi du, "EAJko Udal Gobernuak eta Nekane Arrizabalaga alkateak azken hilabeteetan ez dutela gaia modu egokian argitzeko prestutasunik izan". Aiako EH Bilduko kideek uste dute, aiarrek ez dutela udal gobernuak egin duen kudeaketa merezi. "Gardentasunik gabeko kudeaketa eta informazio falta dira, aiarrenganako errespetu falta garbiena".
Jarrera horren aurrean, EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean Aiako Udalaren kudeaketa Herri-Kontuen Euskal Epaitegira eramatea erabaki du. Erakinaren eraisketa geratzeko eskatu diote fiskaltzari, balorazio judiziala egin ahal izateko.
Aurreko urratsak
Aiako EH Bildutik azaldu dute, Herri-Kontuen Euskal Epaitegira jo aurretik hainbat eskaera egin dituztela udal mailan. "Plazako eskriturak ezinbestekoak dira obrak egiten hasteko, baina EAJko udal gobernuan eskriturarik gabe eman zuen obra baimena", azaldu dute. Bestetik, bi ondasunen balorazio teknikoen dokumentuak eskatu dituztela ere adierazi dute EH Bilduko hautetsiek, eraikinen balio erreala ziurtatzeko. Hala ere, ez dutela oraindik ezer jaso, zehaztu dute.
Horretaz gain, EH Bilduk salatu du Murias enpresak ganbarak etxebizitza legal izateko eskaera egin duenean, tramitatu eta onartu duela udal gobernuak eskaera.
Koalizioko kideek azaldu dute, gertakari horien aurrean, gaia modu zuzenean birplanteatzeko eskaera egin ziotela Aiako alkate Nekane Arrizabalagari, baina ez dutela erantzunik jaso. "Arrizabalagari, udal teknikariei eta udaleko beste ordezkariei adierazi diegun bezala, prozedura zuzena eramanda emaitza bera lortu zitekeen arazorik gabe. Beste gaietan bezala, EH Bilduren konpromiso finkoa, herriaren interesen eta ondasunen defentsa izan baita hasieratik", azaldu dute. Ildo horretan, nabarmendu dute, Aiako EH Bildu ematen ari den pausuak eta etorkizunean emango dituenak, ez direla "ez eskolaren, ezta Lur-Altarkasuna Kooperatibaren aurkakoak. Aiarrei EAJren udal gobernuarekin gertatzen dena azaltzea eta informatzea da gure ardura".