Abenduaren 21ean jarri zuen Guruzeagak salaketa. (Eñaut Guruzeaga)
Abenduaren 21ean, EH Bilduko zinegotzi Eñaut Guruzeagak salaketa jarri zion Aiako Udalari Donostiako epaitegian, ustez ondasun publikoa bidagabe erabiltzeagatik. Guruzeagak uste du, hainbat akats egon direla Kooperatiba etxearen gaineko kudeaketan, eta hori salatu du epaitegian. "Eskola berria eta Kooperatiba biltzen dituen eraikina egitea adostu zenean, Kooperatibak plazan zuen etxea trukean eman zion Aiako Udalari. Hori legala da". Dena dela, Guruzeagaren esanetan, "legeak ez du onartzen Aiako Udalak eraikuntza enpresari ondasun batekin ordaintzea, hau da ordainketa moduan Kooperatiba etxea ematea".
Guruzeagak uste du, "lehiaketara atera beharko litzatekeela Kooperatibaren plazako etxea. Horretarako, Kooperatibaren lokal berriaren eta eraikin zaharraren balorazio teknikoa behar da. Guk balorazio teknikoa behin eta berriz eskatu dugu udalean, baina ez digute erakutsi", nabarmendu du.
Aiako Udalaren erantzuna
Aiako Udalean oraindik ez dute jaso salaketa abisurik, eta komunikabideetan irakurrita jakin dute salaketaren berri. "Salaketaren berri aurrez-aurre eman beharrean, prentsa bidez enteratu behar izanak udal ordezkari bezela Guruzeagak instituzioarenganako duen errespetu falta nabarian utzi du", adierazi du Aiako alkate Nekane Arrizabalagak ohar bidez.
Bestalde, Aiako alkatea azaldu du, Aiako Udalak salaketa esku artean duenean, "gaia aztertu, eta modurik egokienean defendatuko duela gai honetan egin duen kudeaketa, orain arte bezela". Gainera, "Eñaut Guruzeagak emandako pausoaren aurrean, udalak hartu ditzazkeen neurri legalak aztertuko" dituztela ere gehitu du Arrizabalagak.