Andatzako eskola zaharraren eraikinean, auzo elkartea egingo du udalak. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Atzo iluntzean 2017ko udal aurrekontua onartu zuten aho batez Aiako udalbatzarrean. Aiako alkate Nekane Arrizabalaga "oso gustura" agertu da bi alderdiak adostasunera iritsi direlako, "albiste ona da herriarentzat", adierazi du. Aurtengo aurrekontua osatzerakoan auzoen beharretan arreta jarri du udal gobernuak. "2016ko inbertsio nagusia eskola berria amaitzea izan zen, eta auzoen eskariak aurrerago egitekotan geratu ginen. Horregatik, 2017an auzoetan inbertituko dugu".
Alde batetik,
Andatzako eskolako eraikinean auzo elkartea egiteko 100.000 euroko partida aurrikusi dute. Bestetik,
Santio Erreka auzoan haurrentzat parkea egingo dute, eta horretarako 50.000 euro jaso dituzte.
Landa garapen arloan, telekomunikabide aukera desberdinen gainean ikertzeko, eta beharko balitz inbertsioak egiteko 30.000 euroko partida aurrikusi dute. Arrizabalagaren iritziz, "arlo hori garrantzitsua da zuntz optikoa oraindik iritsi ez den auzo eta baserrietan internet seinalea izan dezaten".
Horretaz gain, herrian turismoa sustatzeko partida eta euskara sustatzeko partida handitu egingo dute 2017an. Euskara partida igotzea EH Bilduren eskaera izan da, eta "euskararen erabilera handitzeko" hausnarketa egingo du udalak herrian. Bestalde, irisgarritasuna hobetzeko lanean jarraitzeko ere eskatu dio koalizioak EAJri; horretarako 11.000 euroko partida jaso dute 2017ko aurrekontuan.
Gizarte zerbitzuen partida bere horretan utziko dute; "gizarte langilearekin herriko beharrak aztertu dira, eta orain arte bezala mantentzea erabaki dugu".