Pagoetaren erraietan barrena ibilaldia

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko urriaren 12a

Hainbat espeleologo Giltzaiturri kobazuloaren kanpoaldean. (Karkara) Iturraran Parketxeak Pagoetako Parke Naturala ezagutzeko hainbat ekimen antolatzen ditu urtean zehar. Horietako asko bertako landareak, zuhaitzak edota animaliak bertatik bertara ikusteko bisita gidatuak izan ohi dira, baina hilaren 22rako irteera berezia antolatu dute. Pagoeta mendiaren barnealdea ezagutzeko jardunaldia egingo baitute, Giltzaiturri kobazuloaren misterioak ikusteko espeleologia ibilaldia Pagoetan izenburupean. Felix Ugarte Espeleologia Elkarteko adituen laguntzarekin Giltzaiturri kobazulo karstikora sartu eta lur azpian dagoen mundu misteriotsua ezagutzeko aukera izango dute herritarrek; mendiaren barnealdean dauden pasabide eta galerietan barrena ibiliko dira, eta estalaktikak eta estalagmitak ikusiko dituzte. Mota horretako irteerak plangintza berezia eskatzen duenez, plaza mugatuak izango dira, eta bertan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute Aiako Iturraran parketxean bertan, 943-83 53 89 telefono zenbakira deituta edo iturraran@gipuzkoamendizmendi.net helbide elektronikora idatzita. Irteeraren prezioa 20 eurokoa da, eta egunean bertan ordaindu behar da saioa. Materiala antolatzaileek Iturraran parketxetik azaldu dutenez, espeleologia ibilbideak zailtasun maila desberdinetan banatu ohi dira, eta Giltzaiturrikoa zailtasun tekniko gutxikoa da. Beraz, ez da prestaketa berezirik beharko ibilaldian parte hartzeko. Hilaren 22an, larunbatean, 09:30ean bilduko dira parte-hartzaileak Aiako aparkalekuan. Handik 20 minutuko ibilbidea egingo dute oinez kobazulora iristeko, eta 10:00etatik 13:00-etara bitartean lur azpiko pasabideetan barrena ibiliko dira. Felix Ugarte Espeleologia Elkarteko kideek esperientzia handia dute herritarren artean espeleologia ezagutarazteko ekitaldietan. Besteak beste, Gipuz- koako Parketxe Sareko beste hainbat parketxerekin ere ekimen ugari antolatu izan dituzte tokian tokiko haitzuloak ezagutzeko. Horregatik, irteeran parte hartzen dutenek aldi oro adituen azalpenak jasoko dituzte zer egin behar duten edota inguruan dutena zer den ezagutu dezaten. Antolatzaileek kaskoa, argiteria eta eskularruak eramango dituzte ibilaldiko parte-hartzaileentzat, baina uretako oinetakoak eta aldatzeko arropa eramatea gomendatu dute. Horretaz gain, xira-galtzak eramatea ere ez dagoela soberan nabarmendu dute espeleologia elkartekoek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide