Eskola berria ezagutzeko ate irekien saioa egingo dute larunbatean Aian

Urola Kostako Hitza 2016ko ira. 7a, 08:23

Aiako Lardizabal Eskolaren bi ikastetxeak, atzekoa da eraikin berria. (Aiora Larrañaga/Hitza) Udako oporrak amaitu dira, eta gaur hasiko dute ikasturte berria eskualdeko haur eta gaztetxo askok. Beste zenbaitek, Aian esaterako, astelehenean abiatuko dituzte eskolak. Aurten hasiera berezia izango da Aiako Lardizabal Eskolako ikasle, irakasle eta gurasoentzat, «hainbeste behar zuten» eskola berria estreinatuko baitute Haur Hezkuntzako ikasleek astelehenetik aurrera. Herritarrek eskolako azpiegitura berria ezagutzeko aukera izan dezaten, larunbatean 12:00etatik 14:00etara ate irekien saioa egingo dute. Bertan aiarrek eskola berriko lehen solairua eta erabilera anitzeko gela barrutik ikusteko aukera izango dute. 50 ikasle erainkin berrira Lardizabal Eskolako zuzendaritza eta irakasleak «oso gustura» daude eraikin berriarekin. «Irakasleok buru-belarri lanean ari gara materiala eraikin batetik bestera pasatzen; lanez gainezka gabiltza, baina oso gustura gaude», azaldu du Belen Zabala eskolako zuzendariak. Izan ere, erakin berriarekin aspalditik zuten espazio falta konponduko dute Aiako herri eskolakoek. «Eraikin zaharreko gela asko txikiegiak ziren, horregatik, ikasturte hasiera iristen zenean, etxe osoa berrantolatu behar izaten genuen, talde bakoitzeko ikasle kopurua kontuan hartuta. Gainera, gelarik libre ez zegoenez irakasleok ez genuen irakasle gelarik, eta jangelan txandak egin arren, haurrak ez ziren kabitzen». Eraikin berriak egoera guztiz aldatuko duelakoan daude, «haurren ongizatea eta hezkuntza kalitatea hobetuko dela uste dugu», adierazi du zuzendariak. Horregatik, eskerrak eman dizkie Aiako herriari eta Aiako Udalari, «eskola berria egiteko ahalegin berezia egin baitute». Gaur egun 135 ikasle ditu Aiako Lardizabal Eskolak, eta 50 haur inguruk abiatuko dute ikasturtea eraikin berrian. Horretaz gain, eskolako ikasle guztiek erabiliko dituzte jangela eta psikomotrizitate edo soinketa gela. Udalarentzat lehentasuna Nekane Arrizabalaga Aiako alkatea ere «oso pozik» dago. «Proiektua martxan jarri genuenean, eskola amaitzeko lau urteko epea aurreikusi genuen. Dena dela, herriko eskolaren espazio arazoa ikusita, eskola berria bukatzea lehentasuna izan da guretzat, eta gaur egun errealitatea izatea lortu dugu». Ikasturte hasieran Haur Hezkuntzako gelak, erabilera anitzeko gela eta jangela martxan izango dituzte; eta urtea bukatzerako Lehen Hezkuntza hartuko duen bigarren solairua ere bukatuta egotea da Aiako Udalaren asmoa. Arrizabalagaren iritziz, eraikin berriak arnasa emango dio Lardizabal Eskolari. «Eraikinak espazio zabalak ditu, oso gela argitsuak dira, eta haur txikiek terraza bat ere izango dute». Udaletik uste dute aurrera pauso garrantzitsua dela eskolako komunitate osoarentzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide