Erreka ondoko ekosistemak ezagutzeko saioa antolatu dute iganderako Pagoeta Parke Naturalean

Urola Kostako Hitza 2016ko irailaren 1a

Pagoeta Parke Naturaleko Manterola erreka. (Aiora Larrañaga/Hitza) Pagoeta Parke Naturaleko Iturraran parketxeak erreka ondoko ekosistemak ezagutzeko irteera antolatu du igande goizerako. Erakundetik azaldu dute Pagoeta Parke Naturalean erreka ugari daudela, eta horiek "Oria eta Urola ibaietara ixurtzen dituzte beren urak". Ibilaldian zehar horietako batzuk ezagutuko dituzte parte-hartzaileek, baita bertako ekosistemen osagai eta bizidunak ere, landare eta animaliak. Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikari eta Zarauzko Arkamurka Natur Taldeko kide Jon Zulaikak gidatuko du jardunaldia, eta errekek gordetzen dituzten misterioak argituko dituela adierazi dute Iturraran Parketxetik. Gainera, antolatzaileek nabarmendu dute ibilbideak ez duela zailtasunik, adin guztietako herritarrentzat egokia dela alegia. Irteeran parte hartu edo txangoari buruzko informazio osatua nahi dutenek 943-835389 telefonora deitu dezakete, edo iturraran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatzi. Helduek 5 euro ordaindu beharko dituzte irteeran parte-hartzeagatik, eta haurrek 3 euro. Parte-hartzaileak igandean 10:30ean Manterola aparkalekuan bilduko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide