Plazarako bidean dagoen Garagorrienea etxean seinalea jarri dute. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Udan zehar, Aia ezagutzera joan diren bisitariek turismo arloarekin lotutako seinale berriak aurkitu dituzte, herrigunean. Aiako Udaletik jakinarazi dutenez, Turismo Plan Estrategikoaren barruan hartutako neurria izan da seinale berriak jartzea, eta bisitarien artean harrera ona izan du. «Aia oso herri aberatsa da kultur ondareari dagokionean, eta garrantzitsua iruditu zaigu herria bisitatzera etortzen direnei, ondare hori modu errazean ezagutzeko aukera eskaintzea». Horretarako, alde batetik, seinale berriak jarri dituzte eraikin bakoitza zein den identifikatzeko, eta, bestetik, eskuorria argitaratu dute eraikin bakoitza non dagoen zehazteko. Bertan agertzen dira, besteak beste, San Esteban eliza, Etxetxo, Garagorrienea eta Aizpea baseliza.
Aiako ondarea jasotzen duen eskuorria. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Aiako Udalarentzat turismo arloa jorratzea garrantzitsua da, «herriak potentziala» duela uste baitu. Gainera, azken urtetan bisitarien hazkundea antzeman dute. «Gero eta jende gehiago etortzen da Aia ezagutzera, urtez urte goruntz doa kopurua. Horregatik, garrantzitsua da udalarentzat bisitarien beharrei erantzutea». Nekane Arrizabalaga alkateak uste du, turismo zerbitzuei dagokionean «oso ondo hornitua» dagoela Aia. «Goi mailako ostatu, landetxe, nekazal turismo, jatetxe eta tabernak ditugu. Paisaia ikusgarria dugu, eta hurrengo urratsa ondarea modu erakargarrian aurkeztea da. Horregatik, seinale berriak ipini eta eskuorria atera dugu».
Aiako turismo gida
Seinale berriak jartzea ez da Aiako Udalak turismo arloan hartu duen neurri bakarra. Iaz, esaterako, Aiako turismo gida argitaratu zuten erakundetik. Liburuxka horrek herriko ostatu, landetxe, jatetxe eta ekoizleen inguruko informazio praktikoa jasotzen du, irudiekin lagunduta. «Gida horretan herriguneko eta auzoetako zerbitzuen informazioa jasota dago. Oso gida osatua da, eta Aia osotasunean ezagutzeko aukera ematen die bisitariei».
Izan ere, Nekane Arrizabalaga alkateak gogorarazi du Aia «oso herri zabala» dela, eta herrigunean duten eskaintzaz gainera, bertako auzoetan ere «turismo zerbitzu aparta» dutela.