Aiako EH Bilduk alkateari eskatu dio "gauzak behar bezala eta zuzen eramaten hasteko"

Urola Kostako Hitza 2016ko abuztuaren 24a

EAJk Aiako Udala bere ‘kortijo’ moduan erabiltzen jarraitzen duela salatu du koalizioak, "herritarrei, oposizioari eta irizpide legalei begiratu ere egin gabe"

"Agintaldi honetan ikusten ari garena orain artekoaren jarraipena da, uste genuena baino larriagoa akaso, EAJk Aiako Udala bere ‘kortijo’ moduan erabiltzen jarraitzen baitu herritarrei, oposizioari eta irizpide legalei begiratu ere egin gabe. EAJ prest dago bere edozein proposamen aurrera eramateko, legezko prozeduren gainetik pasatu behar badu ere". Aiako EH Bilduk agintaldiko orain arteko egoeraren balorazio bat egin  du, kasu zehatz batzuk aipatuz. Batetik, Kooperatibaren plazako eraikina aipatu dute.  "Gure harridurarako, ez zaio eraikin horri inolako tasaziorik egin eta udalak eskola eraikitzen ari den enpresari eman nahi dio ordainketa modura, enkanterik edo lehiaketarik egin gabe. Benetan larria iruditzen zaigu gai honi lotuta gertatzear dagoena, tasaziorik gabe ez baitakigu herritar guztion ondasuna kaltetzen ari den ala ez". Aiako EH Bilduren arabera, operazio horietarako legeak eraikina tasatzea eskatzen du, "baina legea alde batera utzita ere, EH Bilduren ustez, udalak printzipio etikoengatik bete beharreko baldintza minimoa litzateke Kooperatibarekin trukea egin aurretik". Koalizioak adierazi du orain eraikina udalaren esku dagoela, eta horrek Murias enpresari eman nahi diola "ordainketa modura inolako enkanterik gabe, 226.000 euroko balioarekin". "Zergatik ez da tasaziorik egin? Zertan oinarritu da udala etxe horren prezioa 226.000 eurotan finkatzeko? Ez al zen posible enkante publiko baten bidez  etxe hori saldu eta lortutako diruarekin Muriasen fakturak ordaintzea?", galdetu dute. Halaber,  gogoratu du, eskolaren proiektuarekin hasi aurretik,  udalak plazan lokal bat izango zuela iragarri zuela. "Zer gertatu da lokal horrekin? Idatzi honen bidez Aiako alkateari eskatzen diogu hartu beharreko neurriak hartu ditzala prozedura legalak betetzeko". "Hasieratik informazioa ezkutatuz"
Nabarmendu dute jarrera hori dela "EAJ edozein gaietan izaten ari dena". "Amezti etxearen obra baimenarekin gertatutakoak ere esanguratsuak izan dira azken urte honetan. Gure partetik inolako balorazio juridikorik egiteko asmorik gabe (kasua epaitegiak ari baitira ikertzen), EH Bilduko kideok esan nahi dugu lotsagarria izan dela alkateak eta EAJk gurekiko izan duten jarrera, hasieratik informazioa ezkutatuz, gezurrak erabiliz eta inolako balio legalik gabeko txostenak emanaz gu engainatzeko asmoz. Are okerrago, kontutan hartuz epaiketa batek kalte ekonomiko larria ekarri lezakeela herritar guztiontzat". Hori dela eta, alkateari eskatu diote "hasteko behar bezala gauzak zuzen eramaten eta oposizioa kontutan hartzen, denak ez baitu balio bakoitzaren asmoak aurrera eramateko herriari bizkarra emanaz".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide