Ikusmina sortu du Lur Alkartasuna Kooperatibaren inaugurazioak herritarren artean.(Aiora Larrañaga)
Duela 94 urte sortu zen Lur Alkartasuna Kooperatiba Aian, eta gaur goizean lokal berria inauguratu dute. Unai Manterola apaizak bedeinkatu du azpiegitura berria. "Ni ez naiz gune publikoak bedeinkatu zale, baina Kooperatibako bazkideek eskatu didate lokal berria bedeinkatzea" adierazi du. Izan ere, ehundik gora bazkide ditu egun Kooperatibak, eta herriko janari denda bakarra da. Nekane Arrizabalaga alkatearen iritziz "pozgarria" da Kooperatibak lokal berria irekitzea, "horrek herria aurrera doala esan nahi baitu. Aiarrok herri hobe bat nahi dugu, eta ahalegin horren emaitza da Kooperatibaren saltoki berria". Bestalde, alkateak gogorarazi du ia mende bat daramala Kooperatibak aiarren beharrak asetzen, eta "beste mende batean ere horrela jarraitzea espero dugu".
Lokal berria Kooperatibaren eta erakunde publikoen arteko lankidetzaren emaitza izan da; Aiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Landa Garapeneko Sailak parte hartu baitute. Kooperatibako ordezkarien iritziz, "ezinbestekoak dira modu horretako lankidetzak gisa honetako proiektuak aurrera eramateko". Ildo horretan azpimarratu dute, orain arte plazan izan duten lokala oso egoera txarrean dagoela, eta "bazkideek denda berria beste eremu batean egitea erabaki zuten".
Proiektuaren diru-kontuak
Gastuak
- Lokalaren eraikitze eta egokitze gastuak: 445.523, 30 euro (BEZ barne)
- Hornikuntza: 157.300 euro
- Guztira: 602.823,30 euro (BEZ barne)
Sarrerak
- Plazako etxearen salmenta: 226.800 euro
- Eusko Jaurlaritzaren laguntza: 326.097 euro
- Aiako Udalaren ekarpena: 40.000 euro
- Kooperatibaren ekarpena: 9.926,3 euro
[flickr_set id="72157669801712832"]