Aitor Lizasoren IRITZIA: "Zerbait jakingo dute"

Urola Kostako Hitza 2016ko ekainaren 23a

Espainiako Gorteetako hauteskundeetarako atzerritik botoa emateko zailtasunez iritzia idatzi du Aitor Lizaso aiarrak.

Aiarra naizen arren, Mexikon igaro dut azken urtea, eta tartean harrapatu ditut bi hauteskunde garaiak, biak Espainiako Gorteetakoak. Oso argi nuen hasieratik botoa emango nuela, horretarako eskubidea dudalako, eta euskaldunok Espainian zer ordezkaritza izan behar dugun erabaki nahi dudalako: hemen egon ala han. Ezinezkoa izan da, ordea, niretzat boza ematea. Abenduko hauteskundeetarako ez ziren garaiz iritsi boto-paperak hemengo posta zerbitzuko bulegora, eta ezin izan nuen boza eman. Egun batzuk falta dira ekainaren 26ko hauteskundeetarako ere, eta duela sei hilabeteko egoera berean nago. Azalduko dizuet zer lan hartu ditudan botoa eman ahal izateko, nahiz eta, halere, ez didaten aitortu aukera hori. Queretaron bizi naiz ni, eta Mexiko Hirira bidaiatu behar dut, Espainiak Mexikon duen enbaxadan eskaera egiteko; autobusez sei orduko bidaia da hori. Hiru joanean, hiru etorrian. Horri bertan pasatu behar den denbora gehitzen badiogu, ia egun osoa hartu behar da eskaera egin ahal izateko. Bada, joan nintzen ekain hasieran bigarren aldiz eskaera egitera, eta bertako langileek garbi esan zidaten: «Zorte on, eta ea iristen zaizkizun boto-paperak». Han egiten duzu eskaera, eta izapideak betetzen dituzu; eta, teorian, etxera bidaltzen dizkizute boto-paper guztiak. Izatez, garaiz, botatzeko aukera izan dezazun. Bada, ekainaren 21a zen botoa korreoz emateko azken eguna, eta egunero posta zerbitzu bulegora bisita egin arren, alferrik, hara ez baita ezer iritsi. Ekainaren 24a bitartean enbaxadan eman dezaket botoa, baldin eta iristen bazaizkit biharko boto-paperak. Berriro Mexiko Hirira joateko prest nago, ez dut itxaropenik galdu nahi azken unera arte. Zer esango dizuet nik… bidali izan ditut opariak, gutunak eta abar Euskal Herrira, eta ez dut halako arazorik izan. Gero eta argiago ikusten dut Espainiako Gobernuari ez zaiola interesatzen atzerrian bizi diren pertsonek boza ematea. Ederki jakingo dute atzerrian bizi diren pertsonak ez direla jardunean dagoen gobernuaren alde-aldekoak. Jakingo dute beraien murrizketa eta neurrien ondorioz mugitu behar izan dutela askok Espainiatik, eta jakingo dute hobe dela gure bozak jaso ere ez egitea. Zerbait jakingo dute. Hori erakutsi didate niri. Aitor Lizaso Aldalur. Queretaro (Mexiko).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide