Aiako Haur Hezkuntzako ikasleek eraikin berrian abiatuko dute ikasturtea

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko ekainaren 23a

Lardizabal Eskolako bi eraikinen arteko hiritartze lanak bukatuta daude. (Aiora Larrañaga/Hitza) Aiako Lardizabal Eskola eta Kooperatiba saltokia bilduko dituen eraikin berria bukatzear dira. Kooperatiba hilaren 30ean inauguratu nahi dute. Nekane Arrizabalaga Aiako alkateak adierazi duenez, «barruan azken ukituak ematen ari dira, eta gainontzean dena prest dago». Hiritartze lanak ere ia bukatuta dituzte, ekainaren 30ean martxan hasteko prest dago ingurua. Lardizabal Eskolako eraikin berria. (Aiora Larrañaga/Hitza) Eskola berriko Haur Hezkuntzako solairua, erabilera anitzeko aretoa eta jangela aldiz ikasturte hasierarako bukatuta egongo direla uste dute udaletik. «Jangelaren azpiegitura prest izango da, baina ez dakigu bertako materiala irailerako garaiz iritsiko den. Agian, egun batzutako atzerapena egon daiteke», zehaztu du Aiako alkateak. Bestetik, hasiera batean, Lehen Hezkuntzako solairua amaitzea ez zegoen Aiako Udalaren aurrikuspenetan, baina Udal Gobernua 2016ko aurrekontua lantzen hasi zenean, eskola amaitzeko erabakia hartu zuten kideek. «Lanen arduradunekin hitz egin eta horretarako aukera bazegoela baieztatu zigutenean, eraikina bukatzearen aldeko apustua egin genuen». Dena dela, bigarren solairua ez da irailerako prest izango. «Eremu horretako lanen zatirik handiena irailerako bukatuta egotea nahi dugu, Haur Hezkuntzako ikasleek irailean ikasturtea hasten dutenean zaraterekin arazorik izan ez dezaten». Helburua urtearen amaierarako bigarren solairua ere bukatuta izatea da. Aiako Udala «oso gustura» dago lanek eraman duten martxarekin. «Oso azkar joan dira lanak eta hori eskertzekoa da, gremio guztiak oso ondo koordinatu dira eta langileak ahalegin berezia egiten ari dira eskola osotasunean urte amaierarako bukatuta egon dadin». Aiako alkatearen esanetan, eskolako ikasleek «hobekuntza nabarmena» izango dute eskola berriarekin, 2007tik «espazio arazo larria» izan baitute duten ikastetxean eta jangelan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide