Aristerrazuko erromeria.
Igandean denboraldiko azken erromeria egingo dute Aiako Andatza auzoko Aristerrazu plazan. 18:30etik 21:30era bitartean Izer eta Alabier trikitilariak igoko dira oholtza gainera erromeria zaleak dantzan jartzeko prest.
Andatza Erromeria Elkartetik, aurtengo denboraldiaren balorazioa egin dute, eta adierazi dute «arrakastatsua» izan dela. «Betiko jendeaz gain, jende berria, gazteak, hurbildu dira hainbat herritatik Andatza auzora, erromeriarekin, trikitiarekin eta festarekin gozatzeko asmoz eta gure ohiturak indartzeko gogoz». Izan ere, nabarmendu dute aurtengo saioetan momentuko trikitilaririk aipagarrienek hartu dutela parte. Denera 30 erromeri antolatu dituzte.
Bestetik, hori horrela izan dadin elkarteari laguntza eman dioten eragile eta norbanako guztiei eskerrak eman dizkiete: partehartzaileei, trikitilariei, prensa eta irratiari, Aiako Udalari eta Aristerrazu Jatetxeari. «Guztien laguntzarik gabe ez baitzen posible izango Aristerrazuko erromeriak lortu duen arrakasta lortzea».